Joan Mari Torrealdai «langile nekaezinari» azken agurra emateko aukera, Usurbilen

Hileta astelehenen arratsaldean egingo badute ere, asteburuan zehar familiari elkartasuna adierazteko aukera izango du nahi duenak Usurbilgo beilatokian. Goizean zehar pertsona ugari pasatu da bertatik, herrikoak zein Euskal Herriko pertsona ezagunak.

Nagore BELASTEGI|01/08/2020
Torrealdaihilkap
Martxelo Otamendi, ‘Berria’ko zuzendaria, eta Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkate ohia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Joan Mari Torrealdai soziologo, kazetari eta idazleari azken agurra emateko aukera izango du jendeak larunbat eta igande honetan Usurbilen, euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen guztia eskertzeko eta bere familiari doluminak helarazteko.

Hil-kapera Usurbileko beilatokian kokatu dute gaur, goizez, 13:00ak arte, eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara. Bihar, berriz, bakarrik goizez, 9:00etatik 13:00etara. Hileta astelehenean 18.00etan izango da, Usurbileko Salbatore deunaren eliz parrokian.

Lur Etxeberria Gurrutxaga Usurbileko alkate ordearekin hitz egin dugu beilatokitik atera berri, eta Udalaren izenean mintzatu da. «Atzokoa oso egun tristea izan zen Usurbilentzako eta Euskal Herriarentzako galera handia izan dugulako bai euskarak eta bai kultural. Urte hau gogorra izaten ari da kultura eta euskararentzat; maiatzan Zumeta galdu genuen, atzo Joan Mari Torrealdai».

Bere ustez, gaur egun euskara ez litzateke dagoen lekuan egongo Joan Marik egin dako lan hori gabe. «Ia 60 urteko ibilbide nekaezina egin du. Berak esaten zuen bezala, 'ezina, ekinez egina'; langile nekaezina izan da, azken egunera arte lanean ibili dena, burubelarri. Intelektual bat zen. Denok pena handia hartu dugu hutsune handia uzten duelako, baina era berean oso eskertuta gaude egin duen lan guztiagatik».

Usurbilen duela 4 urte UEU jardunaldiak martxan jarri zituen Udalak Torrealdai «erreferente bat delako» herriarentzat eta eskerrak helarazi nahi zizkiotelako. Oraingoan ezin izango diote omenaldirik egin momentuz, baina aurrera begira zerbait prestatuko dutela uste du Etxeberriak.

Izan ere, Zumeta hil zenean agur txiki bat egin zuten herrian, indibidualki, eta pandemia egoera pasatzen denean omenaldi bat egingo zuela hitz eman zuen Udalak. Oraingoan ere uste dute Torrealdaik bere omenaldia merezi duela, eta horregatik aurrerago zerbait prestatuko dutela iragarri dute, nahiz eta oraindik ezin duten ezer zehaztu.

Alkate ordeak azaldu digunez, jende asko dabil beilatokian, tartean bere lankide ohiak, Martxelo Otamendi ‘Berria’ egunkariko zuzendaria barne, edo Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. «Nik familia gertutik ezagutzen dut, harremana genuen. Beraiek nahiko lasai zeuden Joan Mari lasai joan delako, agurtzeko denbora izan duelako, nahi zuen bezala joan delako».

Sare sozialetan ere jendea esker oneko hitzak besterik ez ditu hilberriarentzat.

Gorka Knörr musikariak «lagun min» zuela adierazi du eta «euskalgintzako langile porrokatu ta nekaezina» bezala deskribatu du.


«Beti arrazoia zuen adiskide miragarria» zen Karmelo Landa politikariarentzat Torreadai. «Haren arrazoia berreskuratu behar dugu, irudiaz gain», adierazi du. Era berean, bere euskalgintzako jarduna azpimarratu du. «Euskararen geroa, batez ere, hizkuntza politika zuzen ala okerrak erabakiko duela esan dizan, eta hemen eta orain ez dagoela, aginterien aldetik, euskararen hedapena ziurtatzeko hizkuntza zuzenik», jarraitu du Twitterren zabaldu duen harian.

Basauriko EH Bilduko kide den Natalia Gardeazabalek Torrealdairen heriotzaren berri jakitean sentitutakoa kontatu du: «Madrileko lagunekin oporretan Torrealdairen heriotzaz enteratu naiz. Zelan azaldu nor zen? Zelan elkarbanatu nire atsekabea eta tristura, nire emozioa? Inoiz ez dute bere izena entzun, eta jende konprometitua dira nire koadrillakoak. Asko, asko adierazten du horrek».

AEK-k ere euskararen alde egindako lana txalotu nahi izan du lekukoa eraman zuen korrika baten argazki ederra partekatuz.

NOTICIAS RELACIONADAS

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.