NAIZ
WASHINGTON

Poliziak beste gizon beltz bat hil du tiroz AEBetan

Ameriketako Estatu Batuetako agintariak beste pertsona beltz baten heriotza ikertzen ari dira, kasu honetan Los Angeleseko auzo xume batean gertatutakoa. Agente batek tiroz hil zuen 29 urteko gizona, astelehenean.

Poliziaren auto bat Kenoshan, agente batek Jacob Blakeri tiro egin zion hirian. (Kerem YUCEL/AFP)
Poliziaren auto bat Kenoshan, agente batek Jacob Blakeri tiro egin zion hirian. (Kerem YUCEL/AFP)

Brandon Dean Los Angeles konderriko sheriffaren bulegoko tenienteak prentsaurrekoan azaldu duenez, «hogeita hamar urte inguruko» gizon bat bizikletan zihoan astelehen arratsaldean, polizia hura atxilotzen saiatu zirenean, zirkulazio kodea urratzeagatik.

Bertsio ofizialaren arabera, gizonak «korrika ihes egin zuen» bizikleta atzean utzita eta agente bati aurpegian jo zion harrapatu zutenean. Bitartean, eskuan zeramatzan arropa batzuk erortzen utzi zituen.

«Agenteek arropa-pilaren barruan pistola erdiautomatiko beltz bat zegoela nabaritu zuten», gaineratu du Deanek. Une horretan, agenteek tiro egin zuten. Gizona bertan hil zen.

Ez dute argitu tiro egin ziotenean ustez zereaman arma hori bilatzen ari ote zen.

Deanek esan du ikerketa bat hasi dutela.

Ofizialki oraindik hildakoa identifikatu ez duten arren, senideek Dijon Kizze 29 urteko gizonezkoa dela esan diote CBS telebista kateari.

Gertakariaren ostean, protestak izan ziren gauean, Black Lives Matter mugimenduak sare sozialen bitartez deituta.

George Floyd, Minneapoliseko polizia zuri batek itotako gizon beltza, maiatzean hil ondoren, AEBetan egiturazko arrazismoaren aurkako protesta oldea gertatu da.

Manifestazioak joan den astean suspertu ziren, polizia zuri batek Kenoshan, Wisconsinen, gizon beltz bati zazpi aldiz tiro egin ostean.

Donald Trump presidenteak hiri txiki hori bisitatu du d –bertako agintariek halakorik ez egiteko eskatu dioten arren–, baina ez du elbarri gelditu den Jacob Blakeren familiarekin biltzeko asmorik.

Protesta olde honen aurrean, segurtasun indarrei babesa adierazteko baliatu du bidaia Trumpek.