NAIZ

EAEko BPG %15,2 hazi da hirugarren hiruhilekoan, urte arteko jaitsiera %7,7an utzita

EAEko Barne Produktu Gordinak (BPG) %15,2 egin du gora aurtengo udan, aurreko hiru hilabeteekin alderatuta. Urte arteko terminoetan, baina, jaitsiera %7,7koa izan da, Eustatek egindako Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenaren kalkuluen arabera. Datu «onak» dira Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarentzat.

2020ko lehen bi hiruhilekoetan atzera egin ostean, hirugarrenean %15,2 hazi zen EAEko Barne Produktu Gordina. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
2020ko lehen bi hiruhilekoetan atzera egin ostean, hirugarrenean %15,2 hazi zen EAEko Barne Produktu Gordina. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Eustat estatistika erakundeak adierazi duenez, 2020ko hirugarren hiruhilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinak izan duen %15,2ko gorakada horren aurretik, tasa negatiboak izan dira aurreko bi hiruhilekoetan: -%4,7 lehenengoan eta -%16,4 bigarrenean.

Urte arteko terminoei erreparatuz, Barne Produktu Gordina %7,7 murriztu da iazko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Aurreko bi periodoetan ere urte arteko tasa negatiboa izan zen: -%3,2 lehen hiruhilekoan eta -%19,5 bigarrenean.

Osasun krisiari aurre egiteko hartutako neurriek EAEko ekonomian duten eragina oraindik ere handia dela baieztatu du Eustatek. Hala ere, eta une unetan eskura daukaten koiunturari buruzko informazioa aintzat hartuta, uste dute jarduera ekonomikoak «nabarmen egingo duela aurrera urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta».

Enpleguari dagokionean, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua, %6,5 jaitsi da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Hiruhileko artean, behin egutegiaren eta urtaroen eragina zuzenduta, hazkundea %13,3koa izan dela kalkulatu du Eustatek.

Ildo horretan, nabarmendu dute da Kontuen Europako Sistemak (SEC) lanpostuen definiziotik kanpo uzten dituela aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin lotura formala duten pertsonak, lanera itzultzeko datari buruzko berme edo akordio batekin, Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteen kasuan gertatzen den bezala.

Datorren abenduaren 2an Eustatek BPGren eta enpleguaren zenbatespen bereiziak argitaratuko ditu 2020ko hirugarren hiruhilekoko bere Hiruhileroko Kontuetan, gaur argitaratu den aurrerapena egiteko unean eskura ez zegoen koiunturazko informazioa sartu ondoren.

Datu «onak» Azpiazurentzat

Pedro Azpiazu Lakuako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren ustez, «onak» dira Eustatek argitaratu dituen datuak, baina nabarmendu du gakoa pandemiaren kontrolean dagoela.

BPGren urte arteko jaitsiera Lakuak eginiko -%11,9ko aurreikuspena baino lau puntu apalagoa izan dela ere adierazi du Azpiazuk, abenduko behin betiko datuek esango dutenaren zain.

Zentzu horretan, gaineratu du «orain zalantza bat» dagoela: «bizi dugun kutsatzeen olatu berriak eta martxan jartzen ari diren mugaketek laugarren hiruhilekoan eraginik izango ote duten ala ez».