1935etik honako aurkikuntza arkeologikoak bildu ditu Ekainberriko erakusketak

Fecha

11.07.25 - 28.09.25

Lugar

Gipuzkoa - Zestoa

Ostiral honetan aurkeztu dute erakusketa.
Ostiral honetan aurkeztu dute erakusketa. (EKAINBERRI)

‘Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa. Urolako Ondarea Gertutik Gertura’ erakusketak ateak ireki ditu Ekainberriko liburutegian.

Erakusketa ostiral honetan inauguratu dute eta irailaren 28ra bitartean egongo da ikusgai. Ekitaldian izan dira Sonia San Jose, Gordailuko arkeologoa eta erakusketaren edukien arduraduna;  Mikel Arregi, Zestoako alkatea eta Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Kulturaleko zuzendaria.

«Gertakari historiko ugariren lekukotasuna gordetzen dute Zestoako lurrek, Urola ibaiaren erdialdea aspaldidanik erakargarri izan baita hainbat giza espezierentzat», adierazi dute.

Erakusketak 1935etik gaurdaino egin diren ikerketen emaitzak bildu ditu, aurkikuntza-guneak, ikerlariak eta aurkitutako piezak uztartuz.

Behe Paleolitoan duela 300.000 urte giza okupazioa izan zuen Irikaitz aztarnategitik hasi eta 1787 urteko Aizarnako parrokiko hilobietaraino, guztira 21 aztarna-guneen lekukotza erakusten da, 1969an aurkitu zen eta UNESCOk Munduko Ondare izendatu zuen Ekain koba barne.

Erakusketan agertzen dira, besteak beste, Amalda, Baio, Danbolinzulo, Amabiturrieta, Irikaitz, Erlaitz, Astui-Gaina, Erraila… «Zestoan dagoen Historiaurreko ondare-guneen kontzentrazioa apartekoa da mundu mailan; hainbesteko ondare kopurua izateak herri bakar batean, Zestoa leku berezi bihurtzen du Historiaurrearen ikerketarako eta ezagutzarako», azpimarratu dute.

Aztarna-guneen ikerketari jarri dio fokua erakusketak. Gune bakoitzaren  ikerkuntzaren inguruko informazioa biltzen da eta lan hauetan aritu ziren gizon eta emakume ikerlarien lana goraipatzen da. Ikerlarien artean daude, besteak beste: Jose Miguel Barandiaran, Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz, Antxieta Jakintza Taldea, Mertxe Urteaga, Alvaro Arrizabalaga, Maria José Iriarte, Blanca Ochoa, Asier Gomez… Ikerlari hauek guztiak dira gaur egun ezagutzen dugun Zestoako Historiaurreko ondare paregabea mundu mailara zabaltzea ahalbidetu dutenak, aurkikuntza bakoitza historian dagokion lekuan kokatuz.

Gainera, erakusketa honek berebiziko garrantzia hartzen du, aztarnategi hauetan topatutako 32 pieza original ikusgai egongo direlako bisitarien gozamenerako: Baioko errinozeroaren orno zerbikala, Irikaitzeko hareharrizko aurpegibikoa, Erlaitz III-ko bieira handi baten zatia, edo erakusketako irudi nagusian agertzen den Lili Jauregiko azulejo apaindua.

Erakusketa publiko orokorrarentzat ere ikusgai

Erakusketa uztailaren 10tik irailaren 28ra bitartean ikusgai egongo da Ekainberriko liburutegian, Ekainberriko sarrera erosi dutenentzat. Gainera, publiko orokorrarentzat doan eta erreserbapean ikusgai egongo da ostiralero epealdi honetan, 17.00etatik 19.00etara. Bisita gidatu labur bat eskainiko da 17.15tan gazteleraz eta 17.45ean euskaraz bertan dauden bisitarientzat. Erreserbak  webgunean.

Ubicación

Ekainberri
Portale Kalea, 1
Zestoa. Gipuzkoa