’Agurra’, Dantzaz konpainiaren emanaldi berezia Donostian
Fecha
25.01.25
Lugar
Gipuzkoa - Donostia

Dantzarekin eta kulturarekin duen konpromisoari eta Donostiarekin duen harreman bereziari balioa ematen dion emanaldi berezia prestatu du Dantzaz konpainiak, ‘Agurra’ izenekoa. Urtarrilaren 25ean Victoria Eugenia Antzokian da hitzordua, 19.30ean.
Bi obraz osatuko da saioa. Batetik, hiru urtez Europa osoan zehar 30 emanaldi baino gehiago eskaini ondoren agertokietatik agurtuko den pieza, Hilde Koch donostiarrak koreografiatutako ‘Quorum’. «Dantzaz konpainiaren errepertorioan funtsezko obra da. Estatu espainiarra, Estatu frantziarra, Alemania, Luxenburgo eta Italia bisitatu ditu».
Bestetik ‘Eres’, egun berezi honetan estreinatuko den pieza. Martin Inthamoussuren sorkuntza berria da eta lehen aldiz estreinatuko da publikoaren aurrean «Kea abesbatzaren zuzeneko emanaldiarekin, nortasunaren, lurraldearen, migrazioen eta komunitatearen arteko harremana aztertuz».
Dantzaz, Enrique Azurza eta Kea abesbatzarekin elkarlanean aritu da Martin Inthamoussu «komunitateak gizateriaren motor gisa duen balioa nabarmentzeko».
Bi pieza horiek gai unibertsalak jorratzen dituzte, mota guztietako publikoekin konektatu nahi duen lengoaia koreografiko baten bidez. «Dantzazen ia 25 urteko ibilbidean bildu den publiko fideletik hasi eta ikusle berri eta gazteetaraino, zeinak Euskal Herritik ez ezik munduko beste leku batzuetatik ere etorritako 12 dantzari gazteren freskotasunarekin konekta dezaketen», adierazi dute.
Ekoizpenaren izenburuak, ‘Agurra’-k, euskaraz hasiera eta bukaerak izendatzeko erabiltzen dugun hitzari egiten dio erreferentzia, pieza hauetako baten azken emanaldiari eta bestearen lehenengoari. «Izenaren aukeraketak obraren asmoa islatzen du: topaketa eta itxieren ospakizuna, hasten denaren eta amaitzen denaren ospakizuna», esan dute.
Bisualetik haratago
‘Agurra’-ren elementu nabarmenetako bat piezan integratutako zuzeneko abesbatza da. «Zuzeneko musikak, dantzariei laguntzeaz gain, piezaren atmosfera anplifikatu eta publikoarekiko lotura sakonagoa sortzen du. Elementu hori ez da oso ohikoa dantza garaikidean, eta beste dimentsio bat ematen dio obrari, nortasun kolektiboari eta batasunari buruzko gaia azpimarratuz eta esperientzia orokorra aberastuz».
Enrique Azurzak zuzentzen du Kea abesbatza, musika koraleko profesional handiekin, eta Inthamoussuk eszenan parte hartzera bultzatzen ditu, beren mugimenduak 12 dantzarienekin batera koreografiatuz, operak gogora ekar diezazkigukeen eszenaratze batean.
«Dantzaz konpainiak ‘Agurra’-rekin berretsi egiten du bere konpromisoa: publikoarekin benetan konektatzen duten, entretenimenduaz haratago doazen eta hausnarketarako eta emozio partekaturako tresna bihurtzen diren obrak sortzea. Dantza, kasu honetan, ikuslearekin elkarrizketa bat sortzeko baliabide bihurtzen da; giza harremanen eta oroimen kolektiboaren konplexutasunak aztertzeko, pentsatzeko, sentitzeko eta gizakiaren sakonenarekin konektatzeko», nabarmendu dute.
‘Agurra’ programak dantza garaikideko emanaldi aparta eskaintzeaz gain, kultura eta artea gai unibertsalak (migrazioa, identitatea eta giza hauskortasuna, halaber) aztertzeko funtsezko tresnak izan daitezkeela erakutsi nahi du. «Ekitaldi honek urte askotako lan artistiko eta sortzailea markatzen du, eta bere garrantziak ez datza bakarrik jorratutako gaietan; baita artistak, dantzariak, musikariak eta tokiko komunitateko kideak elkarlanerako esperientzia sakon batean biltzeko gaitasunean ere».
Sarrerak salgai daude webgunean.
Ubicación
Victoria Eugenia Antzokia
Argentinar Errepublika, 2
Donostia. Gipuzkoa