Ahotsenea, egunez egun: ostiralean, folka, rocka, soula eta giro elektrikoak

Fecha

05.12.25 - 05.12.25

Lugar

Bizkaia - Durango

Makala eta Lidia dira Arima Soul taldeko sortzaileak.
Makala eta Lidia dira Arima Soul taldeko sortzaileak. (GALDER IZAGIRRE)

Durangoko Azokaren 60. edizioa abenduaren 5etik 8ra ospatuko da, eta bide horretan, beste urte batez, zuzeneko musikak toki izango du Ahotsenea gunean, non disko berriak aurkeztuko diren kontzertu txikietan.

Ordu erdiko saioak izango dira, eta egun bakoitzean proposamen ezberdinak ezagutzeko aukera izango da Plateruenako agertokian. Ostiralerako egitarau ederra prestatu da, non folka, rocka, soula eta giro elektronikoak izango diren nagusi.

15.40, Arima Soul

Arima Soul bandak zabalduko du Ahotsenea gunea. Urteak dira Mikel Unzurrunzaga Schmitz ‘Makala’ musika beltza zabaltzen ari dela Euskal Herrian, eta azken urteetan Lidia Insausti du lagun. Arima Soul bezala taularatzen ari dira egun banda eder bat lagun. 

16.50, Mugarri

Nafarroatik dator Mugarri proposamena, eta musikan ibilbide handia duten musikariek osatzen dute banda, zuzeneko musikak eta antzerkiak bat egiten duten egitasmo honetan, eta hori guztia ‘Bidea badoa’ diskoan entzun daiteke argiki.

Zuzeneko saioetan borobiltzen da dena, emanaldia ikuskizuna bilakatzen den leku horretan.

18.00, Mihise

Rock musika lantzen du Mihise taldeak, rocka, beti ere, bere zentzu zabalenean. Usurbil herriko hiruko bandak ‘Ahaldatu’ bigarren diskoa kaleratu berri du Balio Dute Kolektiboaren babesean, eta hauxe izango da Ahotsenean aurkeztuko dutena.

Gitarra, bateria, baxua, eta sinteak, melodia handiko kantuak janzteko.

19.10, Mugan
Zuzenean grabatu zuen Mugan taldeak bere azken diskoa, eta zuzenean aurkeztuko dute Ahotsenean ere. Folk giroetan abiatu zuen bandak bere bidea, pixkanaka pop rock giroetara bideratzeko proposamena.

Taldeak izan duen garapena handia da, eta disko bakoitzean urrats bat eman dute aurrera, egun talde sendo batean bilakatuz.

20.20, Heitxi

Azken boladan proposamen berriak ari dira agertzen gure musika eszenan. Heitxi da horietako bat, eta disko berria dakar besapean. Urteak atzera erromeria giroetan ibili eta gero, musikalki anitza eta koloretsua den proposamena eskaintzen du egun.

21.30, Eskafandra

MC Onak egitasmoa amaitu ondoren, taldeko abeslari eta sortzaile nagusia den Joseba Iturraspe abentura berri batean murgiltzen da musika pasioa lagun. Musikalki beste leku batetik abiatzen da egun, Irlandar folk giroak alde batera utzita, elektronika lanabesak erabiliaz.

Debuteko diskoa taularatuko dute Ahotsenean.

Gauean, Lukiek eta Ezezez

Plateruena antzokiak gaueko kontzertuak berreskuratuko ditu aurten, eta bide horretan zuzenekoak izango dira ostiral 5ean zein larunbata 6an.

Ostiral gauean Ezezez eta Lukiek taldeak ariko dira zuzenean, bi bandak, disko berriak aurkezten. Ohikoa emanaldia eskainiko dute, Ahotsenea ekimenetik at, ordubetez ariko delarik banda bakoitza.

Ubicación

Ahotsenea - Plateruena
Landako gunea
Durango. Bizkaia

Enlaces