Animadeba, publikoaren eta industriaren arteko elkargune
Fecha
03.09.25 - 06.09.25
Lugar
Gipuzkoa - Deba

Irailaren 3tik 6ra, asteazkenetik larunbatera, egingo da aurten Animadeba. 18. edizioa du gainera. «Beste urte batez Deba animazioaren erdigune bilakatuko da, publikoaren eta industriaren arteko elkargune bilakatuz. Poliki-poliki Animadeba jaialdia hazten joan da gaur egun Euskal Herriko animazioaren erreferente bilakatuz», adierazi dute sustatzaileek.
Programazioaren barruan nazioarteko film labur lehiaketa eta haur zein helduentzako film luzeak nabarmentzen dira. Honetaz gain, industriari begira, beste urte batez, Animadeba Lab laborategia antolatu dute, Work In Progress, Case study (bideojokoen kasu azterketa), solasaldi eta tailerrez osatua.
Aurten, gainera, bideojokoak probatzeko aukera ere izango da jaialdiaren gunean bertan. Paraleloan kontzertu, ikuskizun eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da, besteak beste, 18 urteak ospatzeko urtebetetzeko jaia ospatuko dugu EZEZEZ, Putas Amak eta DJ FETENekin batera.
Gonbidatu berezia
Animadebako edizio honetako ohorezko saria herbeeretako Michaël Dudok de Witt zuzendariarentzat izango da. Michaël Dudok de Wit (1953, Abcoude, Herbehereak) animazioaren maisuetako bat da, bere estilo poetiko eta liriko bereizgarriagatik ezaguna. Londresen ikasi zuen (West Surrey College of Art and Design) eta bertan garatu zuen bere ibilbide artistikoa.
Munduan ospe handiena eman diona ‘Father and Daughter’ (2000) film laburra izan zen. Filmal Oscar saria, BAFTA eta Annecyko sari nagusia eskuratu zituen. Geroztik, bere lanek –‘The Monk and the Fish’ (1994), ‘The Aroma of Tea’ (2006) edota bere lehen film luzea, ‘The Red Turtle’ (2016, Studio Ghiblirekin elkarlanean ekoitzia)– animaziozko zinemaren historiako une gogoangarrien artean kokatu dute.
EITB saria, Begoña Vicario
Aurten, bigarren aldiz, EITB gala ospatuko da ostiral gauean (irailak 5, 22.00etan). Euskal Herriko animaziozko zinema ikustarazi eta saritzeko sortu zen EITB SARIA, eta aurtengoan Begoña Vicario zinemagile bilbotarrari emango zaio, «bere ibilbide oparoa eta animazioaren alde egindako lana aitortuz». Galaren baitan, Vicarioren hainbat film labur eskainiko dira, haren unibertso sortzailean murgiltzeko aukera paregabea emanez. Gau hori Sara Azurza musikariaren kontzertuarekin borobilduko dugu.
Munduko 128 herrialdetatik 1.410 film labur jaso ditugu aurten eta horietatik hautatutako 20 lanek hartuko dute parte aurtengo lehiaketan. Hamar film labur «Sail Ofizialean arituko dira lehian eta filmez gozatzeaz gain zinemagileekin hitz
egiteko aukera ere izango dugu», diote.
Hautatutako filmen artean azpimarratzekoak dira Marc Riba eta Anna Solanasen ‘Mater Benefacta’ edo Annecyko jaialdian egon diren ‘Sulaimani’ eta ‘It Should Rain Tomorrow’.
EHU Zuzendari Berriak sailean beste hamar film labur arituko dira, kasu honetan, ibilbidea hasten ari diren zinemagileen lanez gozatzeko aukera izango dugu. Filmen aukeraketa prozesuan 15 debarrek hartu dute parte, Animadebako programatzaileekin batera.
Lehiaketaz kanpo Panorama sailaren baitan animazio munduko lan azpimarragarri batzuen bilduma ikusiko dugu. ‘Etorriko Da (Eta Zure Begiak Izango Ditu)’ Izibene Oñederraren filma eta Lorea Lyons eta Ane Ines Landetaren ‘Azkena’ filmak proiektatuko dira jaialdiko lehenengo eguneko Panorama sailean.
18. edizioan, ikusi ez ezik, probatzeko aukera ere izango da. «Beste urte batez Animadeba laborategia martxan da animazio sektorean lanean dabiltzanentzako edo hontan interesa dutenentzako espazio bat sortzeko asmoz. Aurten, gainera, bidejokoen alorrean beste pausu bat emango dugu. Tabakalerako Media Labekin elkarlanean bideojokoak probatzeko aukera izango dugu gure Animadeba Lab kontenedorean», esan dute.
Zinemaz gain Animadeban zehar musika zein beste era askotako emanaldiak ere izango dira. Horien artean azpimarratzekoak dira Sara Azurza (EITB Gaua, Ostirala 5 22.00), EZEZEZ, Putas Amak eta DJ Feten (irialak 6 20.00, sari banaketa gala eta 18. urteurreneko gala) eta Albina Stardust eta Divina Comediak girotutako bingoa (irailak 6 larunbata 20.00).
Ubicación
Kutxa Zuria
Kutxa Zuria
Deba. Gipuzkoa