Benito Zambranoren ‘El salto’ filmak irekiko du Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia

Fecha

12.04.24 - 19.04.24

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

‘El salto’ filmeko fotograma.
‘El salto’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIA)

Benito Zambranok zuzendutako ‘El salto’ (2023) filmak irekiko du apirilaren 12an Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 21. edizioa, Victoria Eugenia antzokian.

Zinemagile sevillarrak zuzendutako filmak Melillako hesia zeharkatzen duten migranteen egoera islatu du lan honetan eta, zuzendariaren arabera, «zuriek zurientzat egindako beltzen gaineko filma» da berea. «Zinema espainiarra zuriek zurientzat egindako zinema zuria da, eta hau beltzen istorio bat da, zuriek zurientzat egina», nabarmendu du aurkezpenaren ostean.

Bere iritziz, migrazioaren «arazoa» ez da leku «osasuntsu» batetik kudeatzen ari, baina mugetara iristeko bidean pertsona hauek bizi duten «drama, mina eta sufrimenduaren aurrean ezikusiarena egiten ari garen arren, arazoa hor dago», ziurtatu du.

‘El salto’-k Ibrahimen (Moussa Sylla) historia kontatzen du: agiririk ez duelako deportatu egingo dute eta Estatu espainolean utziko du haurdun dagoen emaztea. Bere helburua Afrika zeharkatu eta familiaren ondora itzultzea izango da.

Zambranoren filmaz gainera, osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira programazioko film eta solasaldietako gaietariko batzuk.

Orotara, 35 herrialdetako 45 film programatu dira (26 film luze eta 19 film labur),  tartean Agnieszka Holland eta Nuri Bilge Ceylan zinemagileenak. Gainera, Amaia Merino eta Ander Iriarteren ‘Indarkeriaren oi(h)artzunak’ eta Aitor Gonzalez de Langaricaren ‘Muerte en Amara’ euskal ekoizpenak estreinatuko dira sail ofizialean. Proiekzio berezietan, Ione Atenearen ‘Luces en sombra’ ere estreinatuko da.

Leon de Aranoari saria

Gainera, jaialdiaren inaugurazioko saioan, Fernando Leon de Aranoa zinemagile madrildak aurtengo sari berezia jasoko du, bere ibilbide osoa aintzatesteko.

Jaialdia Andrea Jaurrietak zuzendutako ‘Nina’ (2023) euskal filmak itxiko du, apirilaren 19an Victoria Eugenia antzokian, film luze eta laburren sariak banatuko diren ekitaldian. Proiekzio gehienak Victoria Eugenia antzokian izango dira; bi emanaldi Antzoki Zaharrean izango dira, eta Tabakaleran proiektatuko dira ‘Zinema eta memoria’ zikloko filmak.

Lau erakusketa ere antolatu dira, eta ‘Mugi Tú’ giza eskubideei buruzko sareko jokoa ere izango da. Gainera, Amnesty International erakundeak antolatutako mahai ingurua egingo da apirilaren 9an Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan.

Sarrerak ostiralean 11.30ean jarriko dira salgai, 5 euroan, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta internet bidez. Doako saioetarako gonbidapenak egun berean lortu ahalko dira. Informazio gehiago webgunean.

Ubicación

Victoria Eugenia antzokia
Argentinar Errepublika, 2
Donostia. Gipuzkoa