Bergarako UNEDek datorren ikasturteko eskaintzaren berri emango du Tabakaleran

Fecha

20.06.23

Lugar

Gipuzkoa - Bergara

Urrutiko Unibertsitatea, Bergaran.
Urrutiko Unibertsitatea, Bergaran. (UNED-BERGARA)

UNED-Bergara zentroko arduradunek unibertsitate-ikasketen eta heziketa-ikastaroen programa zabala eta bariatua aurkeztuko dute 2023-24 ikasturterako. UNED Urrutiko Unibertsitatea da, eta modua ematen du bizitza pertsonalarekin eta lan-bizitzarekin ikasketak kontziliatzeko. «Hauexek eskaintzen ditu: 30 unibertsitate-gradu, 80 master, doktoregoak, etengabeko heziketako ikastaroak, urrutitik ikasitako hizkuntzak, Unibertsitatean sartzeko ikastaroan 25 eta 45 urtetik gorakoentzat», adierazi dute arduradunek.

Pertsona guztiei irekitako aurkezpen-mintzaldia antolatu dute astearte honetan, ekainak 20, 18.30ean, Donostiako Tabakalaren (laugarren solairua).

Aurkezpen orokorraren ondoren, pertsona interesatuak ikasketa-arlo bakoitzeko koordinatzailearekin elkartu ahal izango dira, argibideetarako edo zalantzak argitzeko. Interesatuek 943-769033 telefonora dei dezakete edo webgunean kontsultatu. Irekita dago 2023/24 ikasturterako matrikula eta onarpen epea.

Informazio-saioan Bergarako UNEDeko zuzendariarekin, Iñaki Esparzarekin, batera izango dira graduetako koordinatzaileak. Guztiek erantzungo dituzte bertaratuek egin nahi dituzten galderak.

Eskaintza zabala

Bergarako UNEDek jakintza-arlo guztietan eskaintzen ditu unibertsitate-ikasketa ofizialak: ingeniaritzak, zientziak, arkitektura, arteak, humanitateak, osasuna, gizarte-zientziak eta zientzia juridikoak, etab. Guztira 30 gradu, 11 gradu konbinatu, 80 master, doktorego-programa, 12 mikrogradu eta mikromaster 1.

Horrez gainera berezko ikastaroak eta etengabeko prestakuntzaren arloko ikastaroak, online hizkuntza-ikastaroak eta 25 eta 45 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko ikastaroa ere eskaintzen ditu.

Aurrematrikula eta onarpen epea zabalik dago. Ez dago kopuru mugaturik, eta ikasle bakoitzak ikasturte bakoitzean komeni zaion kreditu-kopurua aukeratu dezake.

Ikasketa-espedientearen lekualdaketa egin nahi dutenak edo ikasgaiak baliozkotzea eskatu nahi dutenak, jada jar daitezke Bergako UNEDekin harremanetan.

«Onlineko eta aurrez aurreko formakuntzarako metodologiaren malgutasuna eta autonomia gaur egun asko baloratzen diren abantailak dira; izan ere, bizitza pertsonala eta profesionala formakuntzarekin uztartzeko aukera ematen du. Ikasketak norbera dagoen lekutik jarraitzea ahalbidetzen du. Eta, gainera, norberak bere erritmoa eta intentsitatea aukeratu ahal izatea abantaila ekonomikoa ere bada, ez baita beharrezkoa maila osoetan matrikulatzea. Kreditu eta ikasgai kopurua ere aukeratu daiteke», kontatu dute.

Ikasleen profila askotarikoa da. «Unibertsitate-ikasketak hasi dituzten gazteak; curriculuma hobetu nahi duten eta bizitza profesionalari bultzada bat eman nahi dioten eta lanean ari diren profesionalak; birziklatu nahi duten pertsonak; lanik gabe dauden eta lan-aukera gehiago izateko formakuntzaren aldeko apustua egiten duten pertsonak; edo erretiroa hartuta dauden eta ezagutzak aberastu nahi dituzten pertsonak. Eta urtetik urtera gora egiten du unibertsitate-karrera bat egiteko online formakuntza aukeratzen duten ikasle gazteen ehunekoak», esan dute.

Mikrotituluak sortu ziren, Gradu edo Master oso bat egin beharrik izan gabe, jakintza-arlo jakinetan espezializatzeko interesa zuten pertsonei erantzun bat emateko asmoz. Titulu ofizialak direnez, egindako ikasgaiak gero egin ahal izango den Gradu edo Master batean aitortzen dira, baliokidetzea eskatu beharrik izan gabe.

«UNEDek ikasturte honetarako 12 mikrogradu eta mikromaster bat proposatzen ditu gaurkotasun betean dauden era askotako gaietan, besteak beste, klima-aldaketan edo garapen jasangarrian. Eta mikrograduetan eta mikromasterretan titulu ofizialak eskaini dituen Europako lehenengo unibertsitatea izan da», diote.

Sarrera librea da.

Ubicación

UNED-Bergara
San Martin Plaza, 4
Bergara. Gipuzkoa