Daniel Landart omenduko du Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak

Fecha

01.06.24

Lugar

Lapurdi - Ziburu

Aurtengo edizioaren kartela.
Aurtengo edizioaren kartela. (NAIZ)

Ekainaren 1ean egingo da Ziburun Euskal Liburu eta Disko Azoka. Bosgarren edizioa du aurten. ‘Euskara ala ezkara’ leloa ardatz hartuta dator Ziburuko Liburu eta Disko Azoka. «Euskarak egiten gaitu herri, eta kulturak herri bizi. Beti izan dira historian zehar euskalgintza eta herrigintzan engaiatu direnak. Eta ez dira guti izan Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan bide hori hartu dutenak, etenik gabe, mendez mende. Mugaz honaindian ekarpen handia egin zaio euskal literaturari (hemen sortu zen) eta, Lapurdin bereziki, literatur tradizio handia izan da. Mendeak zeharkatu dituen euskararen aldeko kate horren katebegi bat baizik ez gara eta guk ere, xumeki, ekarpena egin nahi diogu gure mintzairari», adierazi zuten antolatzaileek aurkezpenean.

Inoizko neurri handiena izango du literaturen eta musikaren inguruan antolatutako egitasmoak. Aurten 120 metroko erakusmahaia izango du, iaz baino 10 metro baino gehiago, eta 40 argitalatze edo diskoetxek dute kulturzaleekin hitzordua. Iaz 36 izan ziren. Nabarmentzekoa aurten 9 argitaletxe berri egongo direla, denera.

«Euskararen berreskurapenerako eskoletan murgiltze sistema nola (ezagutza hedatzeko), hala ditugu baitezpadakoak jendartean ere murgiltze guneak (erabilpena indartzeko): arnasguneak, beste hizkuntzen interferentziarik gabe euskara nagusi den une eta lekuak, kalitatea sortu eta transmititzen dutenak, euskaraz aritzeko aisetasuna, gogoa eta parada ematen dutenak, hiztun osoak moldatzen laguntzen dutenak haien komunikazio gaitasuna sendotuz», adierazi zuten.

«Xede horrekin sortu genuen Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, gure hizkuntzak aberatsak eta anitzak dituen sorkuntza, literatura eta musikagintza plazaratuz euskara ikasten duen edo dakienari egun oso batez harremanak, elkar trukeak, gogoetak, eztabaidak, ezagutzak euskaraz lasaitasun, normaltasun eta naturaltasunez bizi ahal izateko, deus azaldu, justifikatu edo itzultzera behartua izan gabe, estres linguistikotik urrun, goxo eta atsegin.
gaineratu zuten», gaineratu zuten.

Aurtengoan Daniel Landart izango da omendua. «Euskal literaturaren alde duela 60 urte hasitako lan gaitza» eskertu nahi zaio. Azoka zabaltzen duen ‘Zubiburu’ izenburuko mahainguruan solasean arituko da Landart Arantxa Hirigoien antzerkilariarekin.

Egitarauari dagokionez, orduerdiro izango da ekitaldiren bat publikoari eskainia. Sei liburu aurkezpen eta lau kontzertu txiki daude iragarrita, besteak beste. Lumi, Bloñ, Hegazkin eta Pelax dira talde gonbidatuak.

Horrez gain, aurten azoka berritasun batekin heldu da: maiatz osoan iraganen den Azokaldia. Azkaine, Donibane Lohizune, Urruña eta Ziburun ekitaldi bana izango da, izan hitzaldi, filma edota ikusgarri, tokiko elkarte batzuekin elkarlanean, «euskara hutsezko literaturaren inguruan».

Ubicación

Ziburu
Ziburu
Ziburu. Lapurdi