Erriberriko 26. Antzerki Jaialdia, 27 konpainia eta 40 emanaldi

Fecha

18.07.25 - 03.08.25

Lugar

Nafarroa - Erriberri

Ostegun honetan iragarri dute aurtengo edizioaren hasiera.
Ostegun honetan iragarri dute aurtengo edizioaren hasiera. (ERRIBERRIKO ANTZERKI JAIALDIA)

Erriberriko 26. Antzerki Jaialdia uztailaren 18tik abuztuaren 3ra bitartean egingo da. Musika, dantza, zirkua, clowna, performancea, ibilaldiak eta antzerkia uztartuko ditu egitarauak. Euskal Herriko sortzaileekin batera Argentinatik, Estatu frantsesetik, Estatu espainoletik etorritako konpainien partehartzea iragarri dute.

Guztira, Erriberriko Jaialdiak programatutako 40 emanaldi eskainiko ditu, 27 konpainiaren eskutik. Horietatik 15 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte, 9 Nafarroako konpainietakoak dira, 2 euskarazkoak, 3 nazioartekoak eta 3 ikusmen- eta entzumen-urritasuna duten pertsonentzat eskuragarri egongo dira, eta honako zerbitzu hauek izango dituzte: azpititulu egokitua, audiodeskribapena, banakako begizta magnetikoa eta soinu anplifikatua entzungailuekin.

Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Ignacio Apezteguiak, Jaialdiko zuzendari artistiko Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak eta Erriberriko Udaleko ordezkariek aurkeztu dute ostegun honetan jaialdiaren hasiera La Cavako agertokian. Bertan izan dira, halaber, edizio honetan parte hartu duten Nafarroako konpainietako kideak: Las Nenas Theatre, Qabalum, Erain, Ion Iraizoz konpainia, Mikele Urroz Zabalza, Itsaso Iribarren & German de la Riva, Lorena Arangoa, Broken Brothers Brass Band eta Gorka Urbizu.

Oraingo honetan, programazioa Tafalla, Beire, San Martin Unxeko eta, bigarren urtez, Pitillasera zabalduko da. Zuzeneko ikuskizun horiez gain, Erriberrin bi egoitza sortzaile, sei prestakuntza-tailer eta artista eta kazetariekin hiru topaketa egingo dira.

Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatuta, honako leku hauetan egingo da jaialdia: La Cava, Errege Jauregia, Teobaldoen plaza, Karlos III. Noblearen plaza, Enozentrum, Musika plaza eta San Frantziskoko eskola zaharrak, Erriberrin; Kondearen parkea eta Tafalla Kulturgunea, Tafallan; Victoriano Flamarique plaza, Beiren; Elizaren plaza, Pitillasen; eta San Martin de Unx plaza. Horrela, jarduerak espazio publikoetara eramatearen eta jaialdiak Nafarroako lurraldean duen presentzia zabaltzearen aldeko apustua mantentzen da.

Pikazak eta Goiricelayaren esanetan, Erriberriko 2025eko Antzerki Jaialdia «etengabe aldatzen ari den lurraldea da, ideiak, hitzak eta ekintzak nahasten dituena, orainaldi askeagoa, kritikoagoa eta gizatiarragoa eraikitzeko. Mugak hautsi, belaunaldiak konektatu eta arte eszenikoak ulertzeko eta bizitzeko modu desberdinen arteko elkarrizketa sortzen duen espazioa da. Dramaturgia hedatu eta berrasmatu egiten da, sortzen ari diren ahotsen eta finkatutako ibilbideen, tokikoaren eta globalaren arteko topaketak sortuz. Jaialdia irudimenaren mugak aztertu eta esperientziak partekatu nahi dituzten artista, publiko eta sortzaileentzako topagune bihurtuko da».

Erriberriko zuzendari artistikoek ere azpimarratu dute «edizio honetako ahots, estilo eta perspektiben aniztasuna, diziplinen mestizajearen, bitartekaritzaren eta topaketaren aldeko apustua eginez, erresistentzia modu gisa. Antzerkia komunitatea birpentsatzeko eta oraina eraldatzeko leku gisa ulertzen da, ostertzera elkarrekin begiratzeko eta munduan egoteko modu berriak eraikitzeko babesleku gisa».

La Cava

Aurten 12 ikuskizun programatu dira La Cavan; emanaldi horiek guztiak 22.00etan izanen dira. La Cava agertokia uztailaren 18an estreinatuko da lehenengoz, 22.00etan, ‘Los brutos’ emanaldiarekin; Roberto Martin Maizteguik zuzendu eta Javier Ballesteros, Angela Boix, Francesco Carril, Olivia Delcan eta Emilio Tome aktoreek antzeztuko dute Madrilgo Centro Dramático Nacional eta INAEM erakundearen ekoizpen lana.

Larunbatean, hilak 19, 22.00etan, Nao Albet eta Marcel Borrasek (Max Sariak 2024, 2021; RNEren Antzerkiko Begi Kritikoa Saria, 2016) izen bereko ‘De Nao Albet y Marcel Borras’ lana aurkeztuko dute, beraiek zuzendu eta interpretatutakoa, eta Anabel Labradorrek ekoitzi eta banatutakoa.

Igandean, hilak 20, 22.00etan, Miramediaren ‘En mitad de tanto fuego’ lanaren txanda izanen da (2024ko Godot Saria, egile eta gizonezko aktore onenarena; 2024ko Max Sariko finalista, gizonezko aktore onenarena); Xavier Alberti zuzendaria eta Ruben de Eguiaren interpretaria.

Bigarren astea uztailaren 23an (asteazkena) hasiko da, 22.00etan, ‘Torcidxs’ ikuskizunarekin; Erriberriko Antzerki Jaialdiko arte egoitza batetik sortu zen emanaldia (Las Nenas Theatre konpainiarena), Alessandra Garciak zuzendua, eta Ane Sagues, Cristina Tomas, Maddi Muñoz eta Jon Muñoz aktoreekin.

Hilak 24an (osteguna), 22.00etan, ‘Zorretan’ (Donostia 2024 Saria) lehen aldiz antzeztuko da euskaraz, Hika Teatroaren ekoizpena, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Javier Barandiaran antzezleekin.

Hilak 25ean (ostirala), 22.00etan, ‘El bar nuestro de cada día’ (Ikuskizun Onenaren Saria Andaluziako Arte Eszenikoen Azokan) aurkeztuko da; Chipi La Canallaren musika antzezlan bat, Antonio Romera ‘Chipi’-rekin, honako banda honek lagunduta: Javier Galiana de la Rosa (pianoa), Bernardo Parrilla (haizeak) eta David Leon (perkusioa).

Hilak 26an (larunbata), Nave10 Matadero eta Entrecajas Producciones Teatralesen ‘Mihura, el último comediógrafo’ lana egonen da ikusgai, Beatriz Jaenek zuzenduta eta Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik interpretatuta. Astea ixteko, 27an (igandea), ‘El dragón de oro’ aurkeztuko da, Sarabela Teatroren ekoizpena, Anxeles Cuña Bóvedak zuzenduta eta Fina Calleja, Fernando Dacosta, Sabela Gago, Fernando González eta Fran Lareuk antzeztuta.

Programazioak hirugarren astean jarraituko du ‘Instrucciones para Alberto Gonzalez’ lanarekin, uztailaren 31n (osteguna), 22.00etan, Ion Iraizoz konpainia nafarraren obra bat, Ion Iraizozek zuzenduta, eta Gloria March, Ion Iraizoz bera eta Albert Perez antzezle direla.

Abuztuak 1ean (ostirala), 22.00etan, Mikele Urroz Zabalzak ‘La montaña’ lana aurkeztuko du, berak interpretatuta eta Iñigo Rodriguez-Clarorekin batera zuzenduta. Erriberriko Antzerki Jaialdiko egoitzetatik abiatuta ere sortu zen proiektua da.

Abuztuaren 2an (larunbata), 22.00etan, Criolla konpainia argentinarraren ‘El brote’ izanen da ikusgai, Emiliano Dionisik zuzenduta eta Roberto Peloni protagonista duela. Azkenik. Abuztuaren 3an (igandea), programazioari amaiera emateko, Cadizeko Las Niña konpainiaren ‘Las bingueras de Eurípides’ (Emakumezko aktore Onenaren Vegas Baixaseko Zinemaldi Nazionalaren Saria Alejandra Lópezentzat) egongo da ikusgai, Ana Lopez Segovia, Alejandra Lopez, Mer Lozano, Rocio Segoveto eta Jose Carlos Fernandezek antzeztuta.

Hau guztiaz gain Erriberri Esperientziak, topaketak, tailerrak, arte-egoitzak... aurten ere eskaintza anitza eta zabala da. Jaialdiak berriz hartuko ditu Erriberri esperientziak, jokaespazio konbentzionala herriko kaleetara eta bestelako espazioetara zabalduz bizitzera gonbidatzen dutenak, baita Erriberri Geltokiak deritzonak ere, udalerritik kanpoko ikuskizunak jasoko dituztenak. Eta berriz ere topaketak antolatuko dira, artistekin eta prentsa espezializatuarekin.

Halaber, sei tailer programatu dira: ‘Taller de máscaras’, Iratxe Lopez de Muniainek emana (Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 26. edizioko kartela ilustratzen duen irudiaren egilea); ‘Olite, Mírame a mí’, Alessandra Garcíarekin; ‘Hay que salvel fuego’, Alberto Conejero Lópezekin; ‘La velocidad de la luz’, Marco Canalerekin; ‘Liderazgo de grupos y proyectos y autogestión’, Mariana Gonzalez Robertsekin; eta ‘La constitución española explicada por niños para adultos’, Adrian Perearen eskutik. Dagoeneko bete dira Alessandra Garciak, Alberto Conejerok eta Mariana Gonzálezek emanen dituzten tailerretarako lekuak.

Sarean www.festivalteatroolite.com eta www.fundacionbaluarte.com webguneetan eros daitezke sarrerak. Aurrez aurre, Baluarteko leihatilan jaso daitezke abuztuaren 3ra arte, 11.00etatik 14.00etara, astelehenetik larunbatera. Modu presentzialean ere eros daitezke La Morea merkataritza-gunean, zeina irekita egoten baita asteko egun guztietan (igande eta jaiegunetan izan ezik) 09.30etik 21.30era, etenik gabeko ordutegian.

Erriberrin, Enozentrumeko jaialdian eros daitezke (Teobaldoen plaza, 4, Erriberri), 17.00etatik 19.00etara ostiraletan, 10.00etatik 14.00etara larunbat eta igandeetan, eta 19.00etatik 22.00etara ikuskizun-egunetan.

La Cava eszenatokiko ikuskizunek 20 euroko prezio orokorra dute, eta beherapena gazte txartelerako, berriz, 12 euro. 12 emanaldietarako abonamendu osoak eskaintzen dira 210 euroren truke, 96 euroren truke gazte txartelarekin eta hiru emanalditako abonua 55 euroren truke, 28 euroren truke gazte txartelarekin.

Ubicación

La Cava
La Cava
Erriberri. Nafarroa