Euskal emakume zinemagileen azken zikloak zuzendari gazteen hamabi film programatuko ditu
Fecha
02.04.25 - 30.06.25
Lugar
Gipuzkoa - Donostia

Tabakaleran elkartu dira hogei emakume zinemagiletik gora ‘Euskal emakume zinemagileen’ bosgarren eta azken edizioa aurkezteko asteazken honetan. Edizio berri honek zuzendari gazteenen (80 eta 90eko hamarkadetan jaioak) hamabi film proiektatuko ditu apiriletik ekainera bitartean Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Euskal zinemaren egoera «modu erabakigarrian» eraldatzen lagundu duten 50 zuzendari baino gehiagoren lana aitortu nahi izan dela azken bost urteetan nabarmendu da.
Donostiako aurkezpenean izan dira Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendaria, Ibone Begonetxea Lakuako lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, batetik. Eta bestetik solasaldi labur bat izan dute Mireia Gabilondo lehen zikloan parte hartu zuen zuzendariak, Maria Elorza edizio honetako zuzendariak eta Maria Pilar Rodriguezek, Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta ‘Cineastas vascas’ liburuaren koordinatzaileak.
Apirilaren 3an hasiko da zikloa Gasteizen, 4ean Donostian eta 5ean Bilbon. Azaldu dute lehen aldiz parekatuta daudela proiektatuko diren fikziozko filmak eta dokumentalak. Fikzioen artean ‘20.000 especies de abejas’ (Estibaliz Urresola, 2023) dago, Berlinalen saritua eta mutiko baten gorputzean harrapatutako neska baten istorioa kontatzen duena. ‘Nina’ (Andrea Jaurrieta, 2024) Malagan saritu zuten eta mendeku baten istorioa dakarkigu. Urrezko Maskorra irabazi aurretik Jaione Cambordaren lehenengo film luzea ‘Arima’ (2019) izan zen; Galiziako herrixka batean gertatzen den istorio ilun bat kontatzen du. Bestalde, ‘Un otoño sin Berlin’ (2015) filmean, Lara Izagirrek neska bat aurkezten digu: kanpoan luze egon ondoren, etxera itzultzen da, bikotekide ohiaren maitasuna berreskuratzeko asmoz. Azkenik, ‘Paradise Hills’ (Alice Waddington, 2019) Sudancen hautatu zuten eta, besteak beste, Milla Jovovich du protagonista; istorio distopiko bat dakarkigu, non gizonak zerbitzatzeko hezten baitira emakumeak.
Dokumental gehienek fikzioaren berezko baliabideak ere erabiltzen dituztela adierazi dute. ‘Enero’ (Ione Atenea, 2019), zuzendariaren bi amonen erretratua da; ‘Polaris’ (Ainara Vera, 2022) bi ahizpen arteko harremana, zeintzuek ingurune oldarkorretan bizirauten duten: Groenlandian eta gizonena baino ez den nabigazioaren munduan. ‘Young and Beautiful’ (2018), Marina Lameirok bere inguruko pertsonen bizitza eta irrikak ezagutzeko egiten duen proposamena; ‘Pizti bat, agian’ (Ainhoa Gutierrez del Pozo, Olatz gonzalez Abrisketa, 2023), zeinak desagertzear dagoen mundu batera hurbiltzen gaituen, landa mundura; ‘Las letras de Jordi’ (Maider Fernandez Iriarte, 2019), garuneko paralisia duen eta Jainkoak jada hitz egiten ez diola uste duen gizon baten istoriooa da; ‘A los libros y a las mujeres canto’ (Maria Elorza, 2022) epikarik eta armarik gabeko erresistentzia baten kontakizuna; eta ‘Arduraz komunika dezagun’ (Aitziber Zapirain, 2021) hedabideetako euskarari eta genero-indarkeriari buruzko hausnarketa.
Talentua
Zikloan parte hartuko duten film guztiak aipatzearekin batera, «talentua» ibili du Fernandezek hitzetik hortzera, eta gogoratu du ziklo hau antolatzen hasi zirenean hiru helburu zituztela: «Euskal emakume zinemagileen talentua Filmategiaren pantaileran erakustea, eurek aurkeztea beren lanak eta publikoarekin hitz egitea. Eta horrekin guztiarekin batera, ikerketa akademiko bat egitea haien historiari eta haien filmografiaren garapenari buruz».
Bengoetxea lehendakariordeak programaren bultzadari esker emakume zinemagile gehiago ikusarazi eta pantailaratu direla txalotu du. Bestetik, emakumeen begiradaren garrantzia mahaigaineratu du: «Emakumeak gizartearen erdia gara eta gure begirada ezinbestekoa eta beharrezkoa da arlo guztietan. Zinemak eguneroko gaiai eta arazoei beste modu batera begiratzeko aukera ematen digu».
Hiruhilekoaren programazioari azkena emateko, saio berezi bat egingo dela aurreratu dute: Aukera programa osatzen duten sei film laburrak proiektatuko dira. Ekainaren 17an Artium Museoan izango da proiekzioa eta ekainaren 24an Tabakaleran.
Saretzearen garrantzia
Aurtengo edizioa aurkeztu ostean, solasaldi labur bat egin dute Gabilondok, Elorzak eta Rodriguezek; lehen edizioko parte hartzailea izan zen Gabilondo eta kontatu du garaian ez zekitela zenbateko ibilbidea izango zuen, baina pozarren dagoela «geroz eta emakume zinemagile gehiago eta zinema anitzagoa» ari delako egiten. Gehitu du «emakumeen zinema ezberdina» dela, eta oztopo gehiagorekin egin izan dutela topo industria antolatuta dagoen moduagatik, baina bultzatu beharrekoa dela.
Elorzak adierazi du pozarren dagoela bere izena «zerrenda luze horren parte» delako. Azaldu du Filmategiak lan handia egiten duela emakume zinemagile asko daudela erakusteko, eta bereziki eskertzen duela: «Eskertzekoa da nire lana testuinguru eta marko batean proiektatzeko aukera izatea, emakume zinemagileen zikloan egiten den bezala».
Rodriguezek bi hausnarketa plazaratu nahi izan ditu. Batetik eskaintza kulturak gisa zikloak duen «potentziala» narbarmedu du, eta «ezinekoa zirudienean» emakume zinemagileak aitzindari izatea txalotu du. Eta bigarren hausnarketa ikuspegi akademikoarekin lotu du, izan ere, bere ustez, oso garrantzitsua da euskal zinemagile emakumeek euren filmak egitea eta hauek proiektatzea, baina «erregistratuta» geratzeak duen garrantzia azpimarratu du. «Pelikulak egiten jarraitu behar dugu, baina baita hauek erregistratzen ere, egin dugunaren arrastoa utzi behar da», kontatu du.
Informazio guztia, webgunean topa daiteke, eta sarrerak Artiumen, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Tabakaleran eskuratu daitezke.
Ubicación
Tabakalera
Donostia. Gipuzkoa