Gatibu Gasteizko Jimmy Jazz aretoan
Fecha
16.02.25 - 16.02.25
Lugar
Araba - Gasteiz

2025 urteko abenduan etengo du bere musika bidea Gatibu talde bizkaitarrak, eta bitartean Euskal Herriko zenbait herri bisitatuko dituzte ‘Agur esan barik’ biran murgilduak. Horietako emanaldi askotan ‘Sold Out’ txartela zintzilikatu badute ere, oraindik ere badira taldea zuzenean ikusteko zenbait aukera. Asteburu honetan esaterako, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan ariko da banda zuzenean bi egunez. Larunbat gaueko emanaldirako sarrera guztiak saldu badira ere, oraindik geratzen dira bakan batzuk igandean joko duten bigarren saiorako. Sarrerak taldearen atari digitalean eskura daitezke 28 euroen truke, eta aurrez amaitzen ez badira, egunean bertan 35 euro ordaindu beharko dira aretoaren leihatilan. Emanaldia arratseko 18.00etan hasiko da, eta taldeak bere musika ibilbidea errepasatuko du kontzertuan.
Agur esan barik
25 urtez agertokiak erre eta gero, Gatibu taldeak agur esango du abenduaren 6, 13 eta 14an Barakaldoko BEC gunean eskainiko dituzten emanaldi berezietan. Gernikako bandak ibilbide oparoa osatu du urte hauetan guztietan, diskoak eta zuzenekoak tartekatuz etengabeko bidean. Izan ere, Gatibuk bere puntu gorenean zintzilikatuko ditu gitarrak, oraindik ere zuzenekoetan milaka lagun batzen dituztenean, eta kontzertu indartsuak eskaintzeko gai diren unean. Taldeko sortzaile izan ziren Alex Sardui, Haimar Arejita eta Gaizka Salazar izango dira agertoki gainean, egun Gatibu osatzen duten beste bi musikariekin batera.
Abendurako bidean beste emanaldi batzuk eskainiko ditu bandak, eta bide horretan Apirilaren 12an Ezpeletako merkatu estalian joko dute, Maiatzaren 30ean Amurrion ariko dira, eta Ekainaren 7an etxean dute hitzordua, Gernikan. Azaroan Madril eta Bartzelona bisitatuko dituzte eta abenduan eskainiko dituzte azken hiru emanaldiak Barakaldon.
Ubicación
Jimmy Jazz aretoa
Coronacion Virjen Blanca
Gasteiz. Araba