Harrera elkartearen sostenguz arte erakusketa zabalik dago Maulen

Fecha

17.11.23 - 04.12.23

Lugar

Zuberoa - Maule

Abenduaren 4ra arte bisita daiteke erakusketa.
Abenduaren 4ra arte bisita daiteke erakusketa. (Sara WITT)

UR Taldea osatzen duten 20 artisten erakusketak ateak zabalik ditu Maulen. Heldu den abenduaren 4ra arte bisita daiteke Harrera elkarteak egindako lana babestea helburu duen erakusketa. Mauleko Ondarearen Etxean izango da irekita.

«Oso bestelako lan arteak ahal dira atzeman», sustatzaileen esanetan. Bertan ikusgai izanen dira honako artista hauek eskainitako lanak: Gonzalo Etxebarria, 'Zigor', Patrick Pierart, Ricardo Pascual, 'Pitxu', Xabi Soubelet, Patxi Laskarai, Xabier Celestino, Oiaia Peruarena, Juan Manuel Galarraga, Iker Valle, Bixente Garzia, Christine Giraud, Mattin Partarrieu, Josette D'Acosta, Eliane Heguiaphal, Peio Goello, Jose Luis Elexpe 'Pelex', If Matxikote eta Ttitto Agerre.

Datorren abenduaren 4ra arte dago aukera artelanak bertatik bertara ikusi eta erosteko. Bilduko den dirua Harrera elkartearen ekimenak sustatzera bideratuko da.

Irekitze ekitaldian 70 bat lagun elkartu ziren eta Jean-Louis Labadot Mauleko auzapeza ere bertan zen. Harrerako ordezkari bi bertaratu ziren erakusketara euskal preso eta erbesteratu ohien sostengu emateko elkarteak egiten duen lanaren berri emateko.

Kartzelatik edota erbestetik heldutako herritarrei berdin lan, etxebizitza edota administrazio desmartxak egiteko orduan borondatezko laguntzea eskaintzen die Harrera elkarteak. «Presondegiko edota erbesteko bizipenen ondotik herritar estatutua berreskuratzeko gisan» lan egiten dute pertsona horiekin batera, adierazi dute elkarteko kideek.

Sarrera doan da.

Ubicación

Mauleko Ondare Etxea
Maule
Maule. Zuberoa