Jaio eta Van Gorkum-en instalazio berria, mapak ardatz hartuta, San Telmon

Fecha

28.07.22 - 28.07.23

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, San Telmon.
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, San Telmon. (SAN TELMO MUSEOA)

San Telmo Museoak ‘Paperezko inperio baten atlasa’ instalazioa jarri du ikusgai. Ostegun honetan ireki ditu ateak eta urtebetez egongo da Museo Bikoitza programaren baitan.

«Imajina dezagun hain mapa perfektua, lurralde baten xehetasun guzti-guztiak batzen dituela. Mapa horrek, Borgesek idatzi zuenez, maparen mapa bat eduki beharko luke barnean, eta horrek aldi berean maparen maparen mapa bat, eta horrela infinituraino.
 Mapa gehienak ez daude perfekzio maila goren horretan. Abstrakzioak dira, gure bizilekua den espazioaren irudikapen grafikoak. Itsaso amaigabeak, oihan zeharkaezinak eta hiri labirintoak irudi lau soiletara mugatzen dira, zirriborroak dira  paper ahulezko orri batean. Nekez eskainiko dute munduko esperientzia pobretu bat baino gehiago.
 Baina abstrakzioaren benetako boterea ez datza errealitatearen erreprodukzio fidelean. Errepresentazioek, aldi berean, unibertso propioak sortzen dituzte, kanpoko erreferentzietatik eratortzen ez direnak. Demagun orain lurraldea ez dela maparen aurretik agertzen», adierazi dute museotik.

Are gehiago, eta mapa bera balitz lurraldeari existentzia emango liokeena?
, galdera buruan zutela San Telmo Museoko artxiboko mapa bilduma aztertu dute Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek. «Horietako bat ere ez zen bilduman sartu bere zehaztasun topografikoagatik. Beren balioa historikoa eta kulturala da, eta oraintsuko historiatik Errenazimendura bitarteko aleak batzen ditu. Museoak gordetzen duen fraide domingotarren komentu zaharraren planoetatik abiatuta, euskal probintzietan zehar hedatzen dira, penintsula osoan, eta ozeanoak zeharkatzen dituzte antzinako kolonietako kostaldeak ukitzeko», esan dute.


«Marrazten duten munduaren aztarnen artean bizi gara. Bataila irabaziez eta inperio galduez hitz egiten dute. Ezezaguna zena muga berriak marraztuz mendera ziteken garai batetaz hitz egiten dute. Lehen topaketen, indarkeriaren eta esplotazio politikoaren garaia. Museo etnografikoaren ideia bera sortuko zen garaia. Mapa horiek arakatzea, beraz, museoa bera arakatzea da, eta bilduma, erakusteko modu, hezkuntza eta entretenimendu kontzeptuak kolonialismoaren legatuan nola errotzen diren ulertzea», jarraitu dute.


Jaiok eta van Gorkumek espedizio hau egiteko tresna bat sortu dute: dokumentu bakoitzean zehar kamera bat mugitzen duen beso robotikoa, ehunka lehen plano hartzen dituen bitartean. Museoko biltegian lanean aritu dira, bere makina bere eskuetara iritsi ziren mapa guztiekin elikatzen. Ondoren, irudi bakarrean mihiztatu dituzte lehen planoak. «Irudien bereizmena hain da handia, ezen begi hutsetik ihes egiten duten xehetasunak bereiz baitaitezke, hala nola paper-zuntzak, litografoaren hatz-marka bat edo paper-fitxategien etsai handiak sortutako zuloak: liburu-sitsa», azaldu dute.


Betikotasun bat beharko litzateke mapetan xehetasun horrekin nabigatzeko. Horregatik, unibertso birtual honetan zehar ibilbidea marrazten duen algoritmo autonomo bat programatu dute artistek. Satelite fantasma bat balitz bezala, etengabe zeharkatzen du muga gisa soilik museoko bilduma duen lurraldea.
 «Agian, momenturen batean mapen mapa honetan museoa bera agertuko da. Eta bere erdian, figura bat antzematea ere posible izan liteke: ikuslea bere pentsamenduetan galduta, munduarekiko duen kokapenari begira», diote.

Museo Bikoitza programa Ibon Aranberrirekin jarri zen abian eta Erlea Manerosek eta Jose Mari Zabalak parte hartu dute geroztik.

10.00etatik 20.00etara asteartetik igandera dira bisita orduak. Ohiko sarrerak 6 euro balio du. Hemen eros daiteke.

Ubicación

San Telmo Museoa
Plaza Zuloaga, 1
Donostia. Gipuzkoa