Karma taldea Hazparneko Xuriatea ostatuan
Fecha
31.10.25 - 31.10.25
Lugar
Lapurdi - Hazparne

Karma taldeak aurrera damara ‘Dirudienez’ disko berria aurkezteko kontzertu bira. Urriaren azken egunean Hazparneko Xuriatea ostatuan ariko da banda zuzenean gaueko 21.00etatik aurrera. Bertan kantu berriak entzuteko aukera izango da doako emanaldian.
Karma
Antton Araspin (gitarra eta ahotsa nagusia), Benjamin Delabaca (baxua eta koroak) eta Miguel Etxeberri (bateria eta koroak) dira Karma musika taldeko kideak, eta 2023 urtetik daude martxan. Aurretik ere zenbait musika abenturetan ibiliak dira musikariak, eta Karma osatzean rock giroetara bideratu dute egitasmoa. Taldea Nafarroa Behera eta Lapurdi artean kokatzen da, izan ere, taldekide bakoitza herri ezberdin batean bizi da egun. Musika bidean bi disko plazaratu dituzte: Debuteko ‘Odolean dena’ lanak 2023 urtean bertan ikusi zuen argia, taldea sortu eta gutxira, eta bost kantuetan zehar rock eremu aske batean barneratzen zen banda. Lehen diskoari esker makina kontzertu eskaini zituen hirukoak, batez ere, Zuberoan, Nafarroa behean eta Lapurdin arituz.
Taldearen estudioko bigarren emaitza apirilean ikusi zuen argia ‘Dirudienez’ izenpean, eta rock erritmoak nagusi izaten jarraitzen badute ere, badira pop giroak eta hard rock zertzeladak. Izan ere, bederatzi kantuz osatua datorren lanean taldeak bide berriak zabaldu ditu, beti ere rock kutsua galdu gabe, taldearen nortasunari eutsiz. Diskoan bada lankidetza berezi bat, eta ‘Asetzen ez dena’ abestian Kristonak taldeko Pello Artabe abeslariaren ahotsa entzun daiteke, bideo eran sarean zintzilikatu den lan ederrean.
‘Dirudienez’ bira
Urtea amaitu baino lehen beste bi emanaldi eskainiko ditu bandak, eta bide horretan azaroaren 8an Donezteben ariko dira Kaskezur taldearekin batera, eta 14an Baionako Le Magneton joko dute, non, Pelax banda izango duten agertokian lagun.
Ubicación
Xuriatea ostatua
Xuriatea ostatua
Hazparne. Lapurdi