Lasarte-Orian ekingo dio Dantz Point-ek denboraldia berriari

Fecha

13.04.24 - 21.09.24

Lugar

Bizkaia - Lasarte-Oria

Ostegun honetan egin da aurkezpena Donostian.
Ostegun honetan egin da aurkezpena Donostian. (DANTZ FESTIBALA)

Prest du Dantz Point-ek denboraldia berria. Lehen hitzordua apirilaren 13an izango da, Lasarte-Oriako Okendo plazan. Ekitaldiaren helburua Lasarte-Oriako ondarearen eta historiaren balioa nabarmentzea izango da, tokiko eta lurraldeko talentuaren bidez. Sei artista arituko dira: Rubio B2B Paolo Solo, Furonia B2B Lila, Kapitaina eta Jonfer.

Maiatzaren 11n, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da Dantz Point; ekainaren 22an, Eibarren; uztailean, Donostian, Dantz Festival jaialdiaren programazioaren barruan; abuztuaren 31n, Errenteriako San Marko gotorlekuan, Laboral Kutxarekin lankidetzan; irailaren 21ean, Elgoibarko San Roke ermitan. Ondoren etorriko dira Irun, Hondarribiko harresia, Deba eta beste zenbait espazio. Era berean, Gipuzkoako hiriburuak beste data bat ere izango du abuztuan. Sarrera doan da.

«Dantz Point proiektu kultural bat da, musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileak sortuz ondareari balioa ematea helburu duena», adierazi dute ostegun honetako aurkezpenean.

Dantz jaialdia

Ekitaldian Dantz jaialdiak zortzigarren edizioa iragarri du. Jaialdia Donostian izango da, 2024ko uztailaren 15etik 20ra, eta «ametsak» gaiaren ingurukoa izango da. Donostia musika elektronikoaren hiriburu bihurtzea helburu duen jaialdi honek askotariko programazioa izango du, lurraldeko, Estatuko eta nazioarteko artisten presentziarekin.

Honako hauek izango dira line upean: Apparat, Avalon Emerson, Call Super, Courtesy, Dekmantel Soundsystem, Dubos, Gela, Hunee, Ian Pooley, Javier Carballo, Kittin, Lamia Mari, Palms Trax, Pional, Sonhar, Topanga Kiddo, YX3 eta baieztatu gabe dauden beste artista batzuk.

Hala, jaialdiak hainbat jarduera kultural izango ditu: DJ setak, topaketa parte-hartzaileak, mahai inguruak, arte erakusketak, filmen proiekzioak, diskoen azoka, musika elektronikoko kontzertuak eta prestakuntza tailerrak. Astebeteko programazioa izango da, astelehenetik ostiralera, Donostiako hainbat espaziotan. Ostiralean, Miramongo anfiteatroa izango da agerleku nagusia, eta larunbatean, berriz, Illunbeko Donostia Arena. Ordutegiei dagokienez, Miramongo anfiteatroa 16.30ean irekiko da eta 01.00ean itxiko, eta Illunbeko eremua 16.30ean irekiko da eta 06.00etan itxiko.

Sarrerak ostegun honetan jarri dira salgai, jaialdiaren webgunean. Bi eguneko bonuak (ostirala eta larunbata) 65 euro balio du (first early bird), gastuak kontuan hartu gabe, eta ostiralean Miramongo anfiteatrora eta larunbatean Illunbeko Donostia Arenara sartzeko aukera ematen du. Eguneko sarrerek, aldiz, honako kostu hauek dituzte: 35 euro gehi gastuak, ostiralean anfiteatroaren eremura sartzeko, eta 45 euro gehi gastuak, larunbatean Illunbeko eremura sartzeko.

Bestalde, Ke Lepok eta Lluchek uztailaren 17an (asteazkena) Kutxa Fundazioa Klubean eskainiko duten kontzertu bikoitzak eta uztailaren 18an (osteguna) Tabakalerako patioan izango den Sonhar esperientziak jarduerako 12 euroko kostua izango dute, gastuak kontuan hartu gabe.

Gipuzkoako hiriburuaren zati handi bat hartuko duen gainerako kartel artistikoa hurrengo asteetan emango dute jakitera.

Ekitaldi osagarriak

Jarduera gehigarriei dagokienez, uztailaren 15ean ekingo zaio programazioari larunbateko ordu txikietara arte luzatuko den ‘opening’ batekin. Aurreratu daitekeenez, programazio horretan hitzaldiak, erakusketak, musika gehiago, zinema, prestakuntza, streaming saioak eta beste izango dira.

Dantz Festival jaialdiak Donostia Kultura eta Keler jaialdien laguntza du, baita beste hauena ere: Tabakalera, Kutxa Fundazioa, DICE, The Social Hub San Sebastián, Elías Querejeta, Radio 3, Loreak Mendian, audio-lab.org, Drunkat, Arteuparte eta Dock of The Bay.

Ametsak, 2024ko Dantz jaialdiaren gaia

Zortzigarren edizioa «ametsei» buruzkoa izango da, jaialdiak berezkoa baitu, sortu zenetik, gai baten inguruan jardutea. Hala, jaialdiaren edizio honen ildo gidariarekin lotutako jardueretako bat izango da uztailaren 18an: Xabi Erkizia soinu artistak soinu performance parte-hartzaile bat egingo du Tabakalerako Patio aretoan. Bertan, bertaratuei kulturgunearen aretoetako batean lo egiteko gonbita egingo zaie, Erkiziak live bat eskaintzen duen bitartean.

Gainera, ondoren, gosari-tertulia bat izango da, bizi izandakoari buruz modu kolektiboan hausnartu ahal izateko. Ekitaldi honek ariketa bat proposatzen du, erdi lokartutako entzunaldi batean oinarritua, nolabaiteko loaldi soinudun bat, edo, hobeki esanda, agian, erdi lotan jasotzen den kontzertu-entzunaldi moduko bat. Gau luze eta lasai bat, irratiko arte piezen, field recording piezen eta soinu eta musika konposizioen bidez sonorizatua. Ikus-entzuleek entzunez lo egin dezakete edo lo eginez entzun.

Jarduera horretarako sarrerak salgai daude, 12 euroan (gastuak kontuan hartu gabe) eta mugatuak dira kopuruz.




Ubicación

Okendo Plaza
Okendo Plaza
Lasarte-Oria. Bizkaia