Latzen Atarrabiako Totem aretoan
Fecha
03.01.26 - 03.01.26
Lugar
Nafarroa - Atarrabia

Latzen taldea bueltan da, eta ez dator esku hutsik. Taldearen estudioko hirugarren emaitza den ‘Denboraren orbainak’ disko berria aurkeztu berri du banda oñatiarrak, 27 urteetako isilune diskografikoa apurtzen duen lan berria. Diskoa kalean zuzeneko emanaldietan murgilduko da banda, eta ugariak izango dira datozen aste eta hilabeteetan eskainiko dituzten emanaldiak. Horietako lehena Atarrabiako Totem aretoan ospatuko da larunbat honetan, non sarrera guztiak amaitu diren dagoeneko. Emanaldia Kuartz taldeak zabalduko du.
Latzen
90. hamarraldian aritu zen nagusiki Latzen taldea, eta sei urteko epean estudioko bi lan argitaratu zituen laukoteak, Euskal Herriko musika historiarako geratu diren kantu esanguratsuak idatziz bidean. Garaian bogan zegoen metal belaunaldi baten kokatzen da banda, besteak beste, Eraso!, Urtz, Hira, edota Asgarth bezalako taldeekin batera gitarrak zorroztuz. 1999 urte inguruan desegin zen taldea, eta 2007an ‘Infernuko Ateetan Tour’ bira txikiaren baitan agertokietara itzuli baziren ere, taldearen jarduna lozorroan izan da urte hauetan guztietan. Orain, ordea, taldea indar berriturik dator, kide aldaketekin, eta ‘Denboraren orbainak’ disko berria besapean. Beraz, talderen betiko kantu klasikoekin batera, aro berri honetan egindako abestiak entzun ahal izango dira zuzeneko emanaldietan. Taldeko sortzaile izandako Aitor Uriarte (ahotsa, gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua, ahotsa) eta Gorka Lazkano (bateria) musikariekin batera Yerko Ortiz (gitarra) ariko da, Iker Martinez de Zuazo gitarrista ordezkatuz. Formazio honekin grabatu dute disko berria, eta horrela taularatuko dira agertokian.
‘Denboraren orbainak’
2025 urtean sortu eta grabatu da taldearen disko berria dena. Horretarako urteak atzera utzitako zenbait ideia berreskuratu dituzte, eta zirriborro zaharrekin batera, kantu berriak sortu ere, guztira hamar kantu barneratzeko estudioko hirugarren lanean. Grabaketa Gasteizko Silverstar estudioetan burutu du bandak, eta teknikari lanetan Iker Bengora aritu da. Entzuleak betiko Latzen topatuko du lan berri honetan, bai eta egungo zertzelada berri batzuk ere. Izan direna ahantzi gabe, aurrera begira jarri da Latzen taldea, eta disko berria horren adibiderik argiena da.
Zuzenean
Euskal Herrian abiatuko du Latzen taldeak disko berria aurkezteko bira, eta bide horretan Atarrabia, Bilbo, Gasteiz, Azpeitia eta Biarritzen ariko dira datozen aste eta hilabeteetan. Lehen lau kontzertuetarako sarrera guztiak amitu dira jada, eta soilik Biarritzeko emanaldirako geratzen dira bakan batzuk. Gerora, Espainiar estatuko jaialdiak izango dituzte jomuga nagusi, Madril, Zamora, Cartagena, Balentzia, Villena edo Sta. Coloma de Gramenet bisitatuz. Kontzertuen informazio osoa eta sarrerak taldearen webgunean eskura daitezke klik batean.
Ubicación
Totem aretoa
Totem aretoa
Atarrabia. Nafarroa