Leihotikan, Iruñeko Indara aretoan

Fecha

21.03.25 - 21.03.25

Lugar

Nafarroa - Iruñea

Leihotikan taldeko gaur egungo kideak.
Leihotikan taldeko gaur egungo kideak. (LEIHOTIKAN)

Leihotikan taldeak 30 urte bete berri ditu musika errepidean, eta martxoaren 21 gauean emanaldi berezi bat burutuko du bandak Iruñea zaharreko Indara aretoan. Bertan, agertoki gainean egindako urte guztiak ospatzeaz gain, ‘Hemen ez da ezer aldatzen’ lehen diskoaren berrargitarapena izango da aitzakia. Emanaldia Sodade taldeak zabalduko du arratsaldeko 20.00etan, hauek ere, disko berria besapean. Sarreak Indara aretoaren atari digitalean eskura daitezke 12 euroren truke.

Hemen Ez Da Ezer Aldatzen

‘Hemen ez da ezer aldatzen’ izenpean kaleratu zen Leihotikan taldearen lehen lan luzea, eta GOR diskoetxearen babesean argitaratu zen lana 1998eko neguan. Aurretik kasete formatuko bi maketa plazaratu zituen bandak, eta lehen disko luzean 15 kantu barneratu zituzten, tartean maketako batzuk. Gerora, etenik gabeko musika bidea osatu zuen bandak, eta urte hauetan guztietan, diskoak eta zuzenekoak tartekatu dituzte ia talde formazio bera mantenduz. Estudioko azken emaitza, berriz, 2023 urteko ‘Etorkizuna ginenean’ lana da, zortzi kantuz osatua, eta Gorka Urbizuren begiradapean Gaztain estudioetan grabatua. Bien artean, estudioko beste sei disko, eta guztien artean 100 kantu baino gehiago. Musikalki punk rock talde bezala izendatzen du bere burua Leihotikan taldeak, tartean hardcore melodikoari keinu nabarmenak eta garaian garaiko bestelako rock eraginez bustiaz. Indara aretoko emanaldian musika bidea errepasatuko dute, lehen eta azken diskoari toki nabarmena emanez.

Sodade

Emanaldia Sodade taldeak zabalduko du. Leitza herriko hiruko bandak ‘Sodade II’ lana aurkeztuko du emanaldi honetan, taldearen estudioko bigarren emaitza. Musikalki pop rock giroetan kokatzen da banda, ahots melodiko bezain indartsuak lantzen. Disko berriko lau kantuekin batera lehen diskoko zenbait kantu joko dituzte ere.

Ubicación

Indara aretoa
indara
Iruñea. Nafarroa

Enlaces