Lurraren Eguna ospatuko dute igandean Beran, berrikuntzekin

Fecha

27.10.24 - 27.10.24

Lugar

- Bera

Lurraren Eguneko aurtengo kartela.
Lurraren Eguneko aurtengo kartela. (BERAKO UDALA)

36. edizioa izanen du beratarren egun maitatu honek eta ohiko barazki, eskulangile eta elikadura postuekin batera, ardiak izanen dira Gure Txokoa elkarteak eta Udalak antolatutako azoka honen protagonista. Merkatu plazan paratuko dute haientzako txokoa. Bertako ardiak, ile mozketa, artilearen ekoizpen prozesua, artilearekin produktu bat ekoiztea, kaikuen eta artzaintzarako tresnak eta Olakoren baserriko lan erremintak izanen dira ikusgai.

Gazta saltzaileen postuak ere hor kokatuko dituzte, eta lehenbizikoz herrikoia izanen den gazta lehiaketa. 11.00etan hasita bi euroren truke gaztak dastatu eta botoa ematen ahalko da.

10.00etan irekiko da azoka eta Merkatu plazaz gain, bertze bi gune izanen ditu: Altzateko karrikan artisauen postuak jarriko dituzte eta Altzateko plazan, aldiz, elikagaien salmentarako postuak.

Eguerdian, sagardo lehiaketa eginen da Ricardo Baroja Eskolan.

Musikarik ere ez da faltako. 10.00etan Ainara Agirre eta Iñaki Iriarte txalapartarien doinuak aditzeko aukera izanen da; ordu erdi geroago, Altzateko plazan, Irats trikitilarien eta pandero joleen emanaldia izanen da; eguerdian musika eskolako txistulariak ibiliko dira kalez kale eta 13.00etan Berako Bandaren emanaldia izanen da, baita musika eskolako talde instrumentalarena ere.

Arratsaldean, 17.00etan Gazta eta Sagardo Lehiaketaren sari banaketa eta bertso saioa eginen dituzte Ekhiñe Zapiain, Julen Zelaieta eta Patxi Castillorekin. 18.00etan, aldiz, muxikoak izanen dira Otsanda txarangarekin.

Egun osoan taloak dastatzen ahalko dira bi tokitan: Altzateko Ikastolan eta Altzateko plazan. Eta arratsaldean, sagardoa eta gaztainak izanen dira neguaren hurbiltasuna goxatzeko.

Giroa asteburu osora zabalduko da. Larunbatean Lizuniagako Igoeraren 43. edizioa (lehenengo Bortzirietako Koparako puntuagarria), Bera Kantari, Labiaga Ikastolako joare eta zintzarri instalazioaren inaugurazioa eta elektrotxaranga izanen dira.

 

Ubicación

Altzateko plaza, Altzate karrika eta Merkatu plaza

Bera.