Mikel Laboa poliedrikoa zain du bisitariak Okendo kultur etxean

Fecha

15.11.23 - 27.01.24

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Hainbat geruzaz osatutako Mikel Laboak egiten dio ongietorria bisitariari
Hainbat geruzaz osatutako Mikel Laboak egiten dio ongietorria bisitariari (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

‘Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar...’ erakusketak ateak ireki ditu asteazken honetan Donostiako Okendo kultur etxean urtarrilaren 27ra arte.

Joseba Larratxe Josevisky, Harkaitz Cano eta Unai Iturriagak sortutako ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikia du oinarri. Baina harago doa Literaktum jaialdiaren egitasmoa. Komikiko material sortaz gain ikus-entzunezkoak, eskulturak, familiak utzitako hainbat dokumentu aurkituko ditu bisitariak. 20 panel, 100 ilustrazio inguru, Koldobika Jauregiren artelanak...

Lauzpabost geruzaz osatutako Mikel Laboa aurkituko du bisitariak. Erakusketaren mamiaren metafora. Laboa komunikatzailea, herri ondarearen babeslea, apurtzailea, kultur abangoardien jarraitzailea, zuzeneko saio bakoitzean izu eszenikoari aurre egin behar izan zion kantaria... denek bat egin dute Okendo kultur etxeko gelatan.

Sarreran, lurrean, argitara emandako diskoen azalak lurrean barreiatuta. Laboaren Jontxu ontzira garamatzate. Bera ere ikus daiteke, hainbatetan egin zuen bezala, arraunean. 

Biñetak tamaina handian

Paretetan eskegitako komikiko hainbat biñetek –tamaina handian– ematen diote haria kontakizunari. Laboaren esparru publikoaz gain Laboa intimoa ere aurkituko du bisitariak. Familiak utzitako hainbat dokumentu pribatu –psikiatra jarduerari lotuak, tartean– bildu dira.

Pasaian jaio eta Donostian bizilekua izan zuen artista (1934-2008) irudikatu, gogoratu eta ulertzera –nork bere Laboa du– garaman materiala kontaezina da: kontzertuetako sarrerak, kartelak, argazkiak... Ikusi bakarrik ez, entzun ere egin daiteke Laboa ‘Komunikazio-inkomunikazio’ proiektuaren barruan emandako kontzertu baten bideoari esker. Aipatzekoa, halaber, Joseba Larratxe Joseviskyk berak ondutako ikus-entzunezkoa, Lekeitioko bonbaketa gogoan.



Sekulako eragina izan zuen gertaera lazgarriak Mikel txikiarengan eta leku nabarmena du erakusketan –Gardatako baserriaren aurrealdearen ‘erreplika’ xumea ere ikus daiteke–  haur garaiak. 



Etxekoak, pozik

Pozarren zegoen gaur Agurtzane, Laboaren alaba. Etxean gordetako argazki eta dokumentuen artean arakatzen aritu dira ama –Marisol Bastida– eta biak, eta Mikel modu berezian oroitzeko balio izan diete biei une horiek. 

«Eskerrona besterik ez dut sentitzen, hain ondo islatu dute erakusketaren arduradunek aitaren izaera eta ibilbidea», adierazi zion NAIZi.

Komikia ere goraipatu zuen. «Sekulakoa da. Ikusmena asko galdu du, baina amak orduak eman ditu komikia begiratzen, hasiera batean uste baino detaile gehiago dituela esan zidan». 



Sentipen bertsua zuten Harkaitz Canok eta Joseba Larratxe Josevisky ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikiaren egileek ere. Sortzaileen nahia izaten da euren proiektuek ahalik eta bizirik luzeena izatea eta argitalpen mardularekin lortzen ari dira. Euskadi Saria eskuratu du irundarrak ilustrazioengatik eta kasualitatea, atzo, erakusketa ireki eta ordu batzuk beranduago jaso zuen garaikurra.

«Marrazkigileon ametsa da marrazkiak formatu handian ikustea eta gozamena da erakusketa», esan du Larratxek. Erakusketak komikia modu egokian islatu duela nabarmendu zuten biek.

«Erakundeekin lan egitea ez da erraza batzuetan, baina beste batzuetan ondo ateratzen da eta hau da kasua», nabarmendu du ondotik Canok. «Laboak berarengan zituen xamanaren solemnitatearen eta izpiritu jostariaren artean, sokaren gainean oreka gorde nahian» ibili zirela gogoratu du proiektua ontzerako orduan.

Bospasei espaziotan banatu da erakusketa. Miren Koro Campos, Koma Zerbitzu Kulturalak enpresako kideak egin ditu Mauro Peñalbarekin batera komisariotza lanak. «Marisol Bastida hemen egon dadin saiatu gara. Izan ere, bera ezagutu zuenean iritsi zen kolorea Laboaren bizitzara», zioen.

Erronka

Galtzak bete lan izan dute Laboaren erpin desberdinak bi gelatako espazio mugatuan islatu eta biltzeko orduan. «Oso zaila izan da», aitortu zuen. Laboaren bizitzaren nondik-norakoak ezagunak dituzten zein urrunagotik begiratzen diotenei modu erakargarri bezain interesgarrian aurkeztea lortu dute. «Komikietako biñeten kolorez desberdindu ditugu espazioak», azaldu zuen. 

Osasun arazoak nahi baino gehiago izan zituen Laboak. Bihotz handiegiarekin jaio zen –bizitzan zehar erakutsi zuen ezaugarri fisikoaz harago zihoala– eta badu presentzia erakusketan horrek ere.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren baita Amaia Almirall, Okendo Kultur Etxeko zuzendaria, Miren Ibarluzea, EHUko kultura zuzendaria eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Diputazioko hizkuntza berdintasunerako zuzendaria. Bi erakundeek Mikel Laboa Katedraren –komikiaren sustatzailea– ardura duten partetik hitz egin zuten.

‘Mila esker’. Bi hitzon bidez esango digu agur Laboak erakusketan, kontzertuei amaiera emateko erabiltzen zuen esaldi berarekin.

Urtarrilaren 27ra arte dago zabalik erakusketa eta hainbat ekitaldi osagarri antolatu dira. Azaroaren 22an komikiaren hiru egileek ‘Ni komiki bat naiz! Mikel Laboa iruditan’ izenburupean solasaldia eskainiko dute. Benetako pertsonaia bat iruditara eramatearen abantailak eta zailtasunak izango dituzte hizpide.

Abenduaren 12an, berriz, Larratxek hitzaldia eskainiko du zirriborroetatik –Laboaren komikiko zenbait ikusgai daude erakusketan– abiatu eta argia ikustera doan arteko bidearen berri emango du.

10.00etatik 14.00etara eta 16.0etik 20.30era astelehenetik larunbatera dago irekita erakusketa. Sarrera doan.
 

Ubicación

Okendo Kultur Etxea
Nafarroa Hiribidea, 7
Donostia. Gipuzkoa