Modus Operandi, Zetak eta Basapiztiak Sohütan

Fecha

02.08.25 - 02.08.25

Lugar

Zunberoa - Sohüta

Pello Reparaz musikariak gidatzen du Zetak egitasmoa.
Pello Reparaz musikariak gidatzen du Zetak egitasmoa. (ZETAK)

Sohütako jaietan kontzertu itzela antolatu dute abuztuaren 2 gauerako, eta 21.00etatik aurrera Zetak eta Modus Operandi ariko dira zuzenean. Ondoren Basapiztiak taldearekin dantzaldia izango da, eta Dj Uzkuluz itxiko du gaualdia ordu txikiak bitartean musika festan. Emanaldiak 20 eurotako balioa izango du, eta sarrerak aurrez Maule, Atharratze, Donapaleu, eta Donibane Garaziko turismo bulegoetan eskuratu daitezke, bai eta Helloasso atari digitalean. Kontzertuak herriko jaien egitarauaren barnean kokatzen dira.

Zetak

Hatortxu Rock jaialdian aritu berri da Zetak taldea milaka lagunen aurrean, eta asteburu honetan beste emanaldi bat eskainiko du, honakoan, Sohütan, Zuberoan. Sei urte beteko ditu Zetak taldeak musika errepidean, eta pausoz pauso egindako bidea izan bada ere, ekintza bakoitzean urrats ausartak eman ditu bandak. Musikalki garatuz joan da taldearen norabidea, eta territorio berrietan murgildu da Peio Reparaz musikalki eremu askeetara zabalduz taldearen unibertsoa. Zetak ederki olioztatuta dagoen kantu makina perfektua da, eta sarean milaka entzunaldi dituen arren, Zetak zuzenean gozatu beharreko esperientzia da. ‘Mitoaroa’ emanaldiarekin, esaterako, ederki erakutsi zuten zer egiteko gai diren, eta Hatortxu Rock jaialdian ere piroteknia askorik gabe, milaka lagun dantzan jartzea lortu zuten. Sohütan ere horrela ariko dira, agertoki gainean banda osoa eta ikuslegoa dantzarako prest aurrean. Irailaren hasieran, berriz, ‘Aaztiyen’ diskoaren bira amaiera burutuko dute Illunbe gunean, Donostian, non, hiru egunetarako sarrerak agortuta dauden dagoeneko. Beraz, aukera ederra izan daiteke honakoa taldea zuzenean ikusteko.


Modu Operandi

Iñaki Ortiz de Villalba abeslari ezagunak gidatzen du Modus Operandi banda. 2018 urtean Betagarri taldea lozorroan sartu zenean jarri zuen martxan abentura berria, eta dagoeneko berezko nortasuna duen talde batean bilakatu da, argitaratu duten disko bakoitzean identitatearen bila. Taldearen estudioko azken emaitza formatu bikoitzean dator, eta ‘Atzo / Gaur’ izenpean ikusi zuen argia Baga Biga diskoetxearen babesean. Diskoaren lehen zatian Euskal Herriko kantu ezagunak moldatzen dituzte euren erara, eta besteak beste, Barricada, Ken 7, Berri Txarrak, La Polla edota Latzen taldeen ereserkiei moldaera berri bat emanez. Gainera, lankidetza zabala dute abesti horietan, eta Afrika Bibang, Dupla bikoa, Aiora Renteria, Jokin Pinatxo edo Danae Riaño izan dituzte lagun. Bigarren zatian taldearen bost kantu berri entzun daitezke, orain artean landu dituzten ska, rock, funk, salsa, rap edota erritmo lantindarretan sakonduz. Disko hau izango da Sohütako emanaldiaren zutabe nagusia, eta kantu berriekin batera, lehen bi diskoetako abestiak errepasatuko dituzte.



Ubicación

Plaza
Plaza
Sohüta. Zunberoa

Enlaces