Nafarroako euskal literatura balioan jarri nahi duen jardunaldia, Iruñean
Fecha
08.05.25 - 10.05.25
Lugar
Nafarroa - Iruñea

Maiatzaren 8, 9 eta 10ean topaketa egingo da Iruñean ‘Nafarroako euskal literatura (1975-2025), sortzaileen begirada’ izenburupean. Euskaltzaindiaren babespean eta Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin egingo da.
Maiatzaren 8an 18.30ean Pinaquy aretoan ‘Lurralde berri bat’ hitzaldia eskaniko du Koldo Izagirrek Sagrario Alemanek aurkeztutako ekitaldian.
Maiatzaren 9an 18.30an toki berean ‘3 belaunaldi, 3 begirada’ mahai-ingurua iragarri dute. Aingeru Epaltza eta Oihane Zuberoa Garmendia arituko dira hizlari Irati Jimenezen gidaritzapean.
Maiatzaren 10ean 12.00etan, berriz, Kondestablen ‘Lur bat zedarritzeko hitzak’ poesia-errezitaldia egingo da Iosune de Goñi Izaskun Igoaren eta Esti Martinez Diaz de Cerioren eskutik Danserie Ensembleren musikaz lagunduta. Castillo Suarez izango da aurkezlea.
«Nafarroako kulturaren bilakaera, azken 50 urteetan, ezagutzen duen edonork badaki zein zen euskal sormenaren egoera orduko urte horietan. Literaturari dagokionez, zehazki, presentzia oso urria zen: idazle talde txiki bat, zeinak, Nafarroa Garaiaren kasuan, Franco jeneralak inposaturiko zentsura-sistemari ahal zen neurrian iskin eginez, euskal literaturaren garra bizirik mantentzen baitzuen, klandestinitatetik gertu zeuden baldintzetan», gogoratu dute sustatzaileek.
Azken mende erdi honetan Nafarroako euskal literaturak aldaketa esanguratsua ezagutu du. «Aurreko mendeetan ezagutu gabeko goraldi bat, idazle kopuruari eta obra kopuruari dagokiena, eta bere baitan literatur genero guztiak hartzen dituena. Gaur den egunean, Nafarroako euskal idazleek literatura garaikide eta bizia sortzen dute, topiko interesatuek atxikitzen dieten kostunbrismotik eta etnografiatik urruti dagoena, eta ideologikoki anitza, idazleak bizi diren jendartea bera bezala», diote.
Jendarteak aldaketa horri buruz duen pertzepzioak lehengo bera izaten segitzen duelakoan daude. Horretarako arrazoiak zein diren aztertzen hasi gabe, pentsatzen dute honako hau «une egokia dela jendarteari honi guztiari buruz errepara arazteko, eta Nafarroako XXI. mendeko jendartearen kultura-gertaera honen –hots, euskal literaturaren– balioa azpimarratzeko. Euskal literatura Nafarroan jaio zen, Bernat Etxepare baxenabartarrarekilan, Pedro Agerre Azpilikueta Axular eduki zuen klasiko gorena, eta beti bizi izan da gure artean, mendez mende, Historiaren epe gehiegitan eduki dituen zailtasunak eta debekuak gorabehera».
«Neurri handi batean, eta zoritxarrez, Nafarroako euskal literatura ezezaguna eta bazterrarazia da». Hala nabarmendu dute. «Nafarroako kultura identitatearen parte ez balitz bezala, berez hala denean, eta nork daki, ausaz kultura identitate horren zatirik esanguratsuena denean. Beharrezkoa da zubiak eraikitzea euskal literaturaren eta euskara ezagutzen ez duen jendartearen gehiengoaren artean, eta onartezina litzateke horretarako prezioa erresumaren hizkuntza lehenean idazteari uko egitea eskatzea».
«Ez dago zalantzarik asmo horrek denon lankidetza eskatzen duela: instituzioena, literatur sormena bultzatu eta edukiak hizkuntzen artean trukatzeko programak ezarri behar dituena; komunikabideena, profesional espezializatuak eta gaiarekiko sentiberak eduki behar dituztenak, zubiak eraikitzeko gauza direnak; euskaldunena, kontzientzia hartu behar baitute literatura dela, besteak beste, mendeak zeharkatzeko eta hizkuntza iraunarazteko atea; gizarte osoarena, baita euskalduna ez denarena ere, enpatia eta errespetua erakutsi behar baitituzte. Eta, nola ez, euskal idazleena, kate luzea nahiko genukeen lehen kate-maila», adierazi dute.
Sarrera doan da.
Ubicación
Pinaquy aretoa
Pinaquy aretoa
Iruñea. Nafarroa