‘Oihu bat Palestinara’ jaialdia, Durangon

Fecha

21.03.26 - 21.03.26

Lugar

Bizkaia - Durango

26 musika proposamen igoko dira agertokia, horien artean Belako banda.
26 musika proposamen igoko dira agertokia, horien artean Belako banda. (VITI AMIEVA)

Martxoaren 21ean, larunbatean, ‘Oihu Bat Palestinara’ kultur ekimena ospatuko da Durangoko Landako gunean. Euskal Herriko zenbait artista eta musikariek Palestinarekin plataformarekin batera antolatu dute jaialdia, Palestina aldeko borroka babesteko eta mobilizazioen ondoriozko isun eta errepresioari aurre egiten laguntzeko asmoz.

Hortaz, beste behin ere, musika eta elkartasuna eskutik joango dira Larunbatean Durangon. Sarrerak 15 eta 25 eurotan eskuratu daitezke jaialdiaren atari digitalean, erosleak nahi duen kopurua eskainiz ekimenari.

11.00ean zabalduko dira ateak eta 12.00ean hasiko dira zuzenekoak. 25 minutuko saio laburrak izango dira, bi agertokietan banatuak, eta goizaldeko 01.30etan itzaliko dira anplifikagailuak. Kontzertuez gain, bertsolariek, dantzariek eta bakarrizketek eta osatuko dute egitarau koloretsua.

26 musika proposamen

Olatz Salvador musikariak hasiko du jaialdia bere banda lagun eguerdiko 12.00. Gauean Azpeitiko Sanagustinen eskainiko du beste saio bat, baino jaialdian parte hartuko du bi kontzertu eginez egun berean.

Giro goxoetan hasi arren, laster iritsiko dira erritmo oldarkorragoak, eta bide horretan kokatu daitezke Ezezez eta Silitia taldeen emanaldiak. Azken garaitan zer esan handia ematen ari diren bi talde dira honakoak, rock giroak bizkar hezur, talde bakoitzak bere nortasunez bidea urratuz. Izan ere, bi taldeak zerbait badute, berezko nortasuna da, dudarik gabe.

Azken orduan La Furiak utzitako lekua Olaia Inziartek beteko du bere banda lagun, topera dabilen musikari nafarrari, gerora Eire bikoari bide emateko. Denbora da ez direla zuzenean taularatzen eta aukera izan daiteke berriz ere agertokian ikusteko.

Bengok ere bere banda izango du lagun emanaldi honetan, eta duela gutxi Bilboko Kafe Antzokia bete eta gero Durangon ariko da oraindik bero den ‘Belharra’ diskoa aurkezten.

Bestelako giroetan etorriko dira Nize taldeko Niko, Andrea eta Intza. Gitarra zikinak, baxu eta bateria gordinak eta ahots ilun bezain hipnotikoak proposatzen ditu Bilbon finkaturiko hiruko bandak.

Musika aniztasuna

Arratsalde erdian Anari bandaren txanda izango da. Hauxe izango da taldeak aurten eskainiko duen lehen emanaldia eta aukera paregabea ‘Munduari su emateko’ azkoitiarraren musikarekin.

Erritmoz erabat aldatuz, Hofek eta Kilikik hartuko dute agertokia, emanaldi berezi bat eskainiz, azken urteetan azaleratu diren bi proposamen interesgarri.

Giro lasaiagoetan iritsiko dira Ibil Bedi taldeko lagunak, egun dauden lozorrotik ateraz Palestinar herriaren aldeko emanaldian parte hartzeko.

Izan ere, palestinar musikariek ere izango dute tartea larunbatean, eta bide horretan kokatu daiteke Ahmed & Nur bikoaren saioa. Egun Euskal Herrian bizi dira, eta bertatik bideratzen dute musika bidea,  genozidiotik ihesi.

Segidan Gailu taldearen txanda izango da, ‘Bizi eta Ixo!’ diskoa besapean. Andoaingo bandak kantu berria zintzilikatu du sarean egunotan Anari eta Mursegorekin elkarlanean 'Alfabeto zauritu bat' izenpean eta ‘Urgentziazko garaiotan, urgentziazko abesti bat’ lelopean.

Aipatu bezala, kantuan Mursegok hartzen du parte, eta ez da oso ohikoa Maite Arroitajauregi horrelako festibal handietan parte hartzea Mursego proposamenarekin, baino, okasioak merezi duenez, bertan izango da larunbatean ere.

Lukiek taldeak segituko du musika festa. Taldea kontzertu bira etengabean da ‘#3’ diskoa aurkezten, baino ez dute kale egingo jaialdian. Iluntzeko bigarren txanda amaitzeko Martin Zikuta & Calie ariko dira, rap errima eta erritmo aldarrikatzaileak jaialdiaren musika aniztasunaren adierazgarri.

Ekitaldiaren ondoren, azken txanpa

Ekitaldiaren ondoren Belakoren txanda izango da. Zer esan Mungiako taldeaz jada esan ez denik. Diskografia oparoa izateaz gain, zuzeneko bikaina du laukoteak, eta kantuak hazi egiten dira agertokian.

Ondoren Merina Gris taldea taularatuko da. Orain dela gutxi 40 Minutu Rock jaialdian aritu ziren Durangon bertan, musikak eta elkartasunak bat egiten duten beste hitzordu ederrean, beraz, ez zaie zaila izango Landako eztandaraztea.

Chuleria, Joder! taldeak berriz rockaren alderdi lotsagabeenera eramango du entzulea. Kupidarik gabeko kantu zuzenak jorratzen ditu bandak, muturrean zaplazteko bat bezain eraginkorrak.

Bestelako giroetan ariko da Odei. Euskaraz egindako errimak, bonbo eta kaxa nagusi diren rap, drill eta bestelako erritmo sakonetan. Distortsioa eta 90. hamarkadako musikaren zaletuek, berriz, Ondarruko Dena taldearen intentsitate eta atmosferekin goza dezake segidan.

Hiruko bandak J Martinari pasako dio txanda, eta aspaldiko partez berriz ere agertokian ikusteko parada izango da Larrabetzuko banda.

Hurrengo ordu erdia Borla taldearen pop rock giroetan barna izango da, eta bide horretan belarriak gozatzeko aukera bikaina melodia goxogoetan barneratzeko. ‘Kordoba bidea’ izeneko diskoan batu zituzten lehen kantuak duela pare bat urte, eta agian, abesti berriren bat entzuteko aukera izango da emanaldi honetan.

Amaiera indartsua

Gaua aurrera joan ahala bestelako giroak entzungo dira Landakon. Alejo Orbegozo musikariak gidatzen duen Ke Lepo egitasmoak lanabes elektronikoak izango ditu lagun, Landako soinu fabrika batean bilakatuz.

Naxker taldeak rock eta pop giro dantzagarriagoetara ekarriko du jaialdia. Taldearen bigarren disko txikiak pasaden urte amaieran ikusi zuen argia, debuteko lanaren segida naturala izan zen kantu xorta ederra.

Maruxak taldearekin festa eta algara iritsiko da Landakora. Musikatik haratago doan egitasmoa da honakoa, festa eta aldarrikapena kantu askeetan, gorputz disidenteek agertokiak hartzen melodia bakoitzean.

Jaialdia Malakiasen sesioarekin amaituko da, kantu ezagunen moldaketa berriak, eta bere zenbait abestiekin borobilduz musika eta elkartasun festibala.

Ubicación

Landako gunea
Landako etorbidea
Durango. Bizkaia

Enlaces

Sarrerak