Ondare industriala ardatz hartuta jardunaldia Iruñean, Nabarralderen eskutik

Fecha

18.10.24 - 19.10.24

Lugar

Nafarroa - Iruñea

Jardunaldiaren aurkezpeneko irudia.
Jardunaldiaren aurkezpeneko irudia. (NABARRALDE)

Lantegi eta tailer zaharretatik diseinu grafikora, sindikalismotik edo emakumeak lanean izan duen paperetik pasatuz. Industria-ondarea hainbat ikuspegitatik azter daiteke, eta industrializazioak utzitako ondarearen kudeaketari buruzko galderak planteatzen ditu; izan ere, garai historiko hori funtsezkoa da gure egungo gizartea ulertzeko.

Honen inguruan hausnartzeko, Nabarralde Fundazioak eta Industria Ondarea Kontserbatzeko eta Babesteko Nazioarteko Batzordeak (TICCHI-España), elkarlanean, ‘Ondare industriala. Galeratik berreskurapenera’ jardunaldia antolatu dute.

Jardunaldi nagusiak gaiaren inguruko aditu andana bilduko ditu urriaren 18an eta 19an, eta aurretiko izen-ematea beharrekoa da. Irailaren 23tik aurrera egitarau kulturala eginen da gaiaren inguruan, erakusketa, hitzaldi eta bisita gidatuekin. Hala, jardunaldiko parte hartzaileen artean, jardunaldiko zuzendari eta TICCIH-Espainiako lehendakari Ainara Mtz. Matiak, Esperanza Marrodán arkitektuak, Luis Lalana Burgoseko Unibertsitateko irakasleak, Iñaki Uriarte arktitektuak, Amaia Apraiz Sahagun Womens Legacy ondarea genero-ikuspegitik interpretatzeko europar plataformako kideak, Irene Diaz Martínez Oviedoko Unibertsitateko eta EHU-ko irakasleak, Rafael Ruzafa EHU-ko historia garaikideko katedradunak, Maria Julia Burgueño Uruguayko TICCH-eko lehendakariak eta Jose Luis Ruiz Ondare Industrialaren Berreskurapenerako Elkarteko lehendakariak parte hartuko dute.

Kultur egitarauari dagokionez, hainbat jarduera egongo dira, guztiak doakoak eta publiko orokorrari irekitakoak. Alde batetik, Koldo Arnanz margolari altsasuarraren margo erakusketa ikusgai egongo da Iruñeko Bigarren Zabalguneko Civivoxean, irailaren 23tik urriaren 15a arte. Industriarte erakusketa gure iragan industrialaren hondakin eta hondarren inguruko olio-pintura eta marrazki sorta bat da, dagoeneko amaitu den garai batekiko begirada nostalgiko batetik birsortua.

Bestalde, Humberto Astibia EHU-ko katedradunak hitzaldia emanen du urriaren 10ean Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan ‘Paisajes de papel y patrimonio de la era industrial vasconavarra’ izenburupean. Inprenta eta arte grafikoetako tailerretan jaiotako mundu ikonografikoa berreskuratuko du hizlariak. «Dokumentu horien balio estetiko eta historikoez gain, eta estereotipo zaharkituei aurre eginez, industria-jarduera euskal kulturaren ezaugarririk bereizgarrienetako bat dela erakusten laguntzen dute», adierazi dute antolatzaileek.

Urriaren 16an, asteazkenarekin, Víctor Manuel Egia Astibiaren txanda izanen da. Ondare industrialean adituak bere argitalpen berria aurkeztuko du Iruñeko Kasino Berrian. ‘Ola berriak 1766-1927. Apuntes para una historia industrial de Navarra’ lanean, Nafarroako iragan industrialaren aztarnak eta berreskurapenaren adibideak azalduko ditu.

Hurrengo egunean, urriaren 17an, Oscar Brakok gidatutako bisita ibiltaria iragarri da Iruñeko Alde Zaharrean eta Zabalgunean barrena. Arte grafikoan eta errotulazioan adituak denda historikoetan zehar eramango du bisita, hirian aurkitu ditzakegun errotulazio aipagarrienen historia berreskuratuz.

Fenomeno globala

«Industrializazioa fenomeno globala izan zen, gizateriaren historian ezinbesteko garrantzia izan zuena. Gure historiaren lekuko izan den ondarea ikertu, mantendu eta interpretatzea oinarrizkoa da garai hau ulertzeko. Are gehiago, iraultza industriala gakoa izan zen mundu globala, egun inguratzen gaituena, eraikitzeko. Eta, hala ere, definizioak berak kultura industrialaren ondasun horiek «hondar» gisa aipatzean agerian uzten duen bezala, gehienetan ez diogu aurre egiten industrializazioaren ondareari, baizik eta, hobeto esanda, desindustrializazioarenari. Azken hamarkadetan, industria lurraldeek aldaketa sakonak izan dituzte, arazo globalei lotutako aldaketak gehienbat –edo, hobeto esanda, globalizatuak, hala nola deslokalizazioa, zaharkitze teknologikoa, krisi ekonomikoa–, eta aldaketa horiek espazio horietako asko abandonatzea eta degradatzea eragin dute; izan ere, ekoizpen-funtzioa galduta, badirudi identitate-krisi larri bati aurre egin behar diotela», esan dute Nabarraldeko kidek.

Sinposio honek desindustrializazioak utzitako ondareei heldu nahi die, eta desafekziotik (hasierako balio ekonomiko eta produktiboaren galeraren ondorioa) ondare bihurtzeraino doan prozesu konplexua ulertu. «Horretarako, zeharkako begirada proposatzen du, orain arte azken bost hamarkadetako ikerketak izan duen tratamendu zatikatua zuzentzeko. Esparru akademikotik, elkarteetatik, enpresetatik edo gai horretan diharduten museo eta zentroen kudeaketatik eskaintzen diren ikuspegiak bateratuko dituen begirada», diote.

Egitarau osoa eskugarai webgunean. Sarrera doan.

Ubicación

Nafarroako Museoa
Santo Domingo Kalea, 47
Iruñea. Nafarroa