Ostiraletik igandera Errekan Gora Eskoriatzan

Fecha

18.09.26 - 20.09.26

Lugar

Gipuzkoa - Eskoriatza

Iñigo Telletxea, Igor Telletxea, Petti, Ruben Caballero eta Joseba Irazoki.
Iñigo Telletxea, Igor Telletxea, Petti, Ruben Caballero eta Joseba Irazoki. (ELKAR)

Aurten ere, iraileko hirugarren asteburuarekin batera Errekan Gora ekimena antolatu da Eskoriatzan. Atxorrotx Kultur Elkartearen ekimenez zuzeneko musika protagonista izango da herrian ostiral arratsetik igande gauera, non aurtengorako ere musika egitarau ederra prestatu duten, musikalki anitza eta koloretsua. Guztira zazpi talde ariko dira zuzenean, eta emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Ostirala

Orei taldeak zabalduko du egitaraua arratsaldeko 19.00etan. Inkernu tabernaren kanpo aldean ariko da Aretxabaletako banda zuzenean, musikalki rock koordenadetan. Berriki taldearen izen bera daraman diskoa kaleratu du bandak, zortzi kantuz osaturiko debutekoa. Gauean berriz, Arene 6 taldea izango da protagonista Algortatik datorren street punk boskotea. Izan ere taldearen sona emanaldiz emanaldi handitu da, eta egun erreferente handi bat dira kaleko giroak lantzen dituzten punk oi! eta punk rock gazte belaunaldientzako. 

Larunbata

Geroz eta ugariagoak dira gurean eguerditan egiten diren emanaldiak, eta bide horretan Arnau and the Honkytonk Losers banda 13.00etan igoko da Herriko plazako agertokira. Bilboko bandak country, rock eta folk giroetan barna mugitzen da, 'americana' deitzen zaion aterki zabalaren azpian. Arratsaldeko 19.00etan Maniaks taldea ariko da Inkernu tabernaren kanpo aldean. Rock and roll erritmo beroetan dator Arrasateko banda, eta 'Paradisu faltsuak' diskoa aurkeztuko du zuzenean, 2026 honetan argia ikusi duen estudioko azken emaitzak. Gaueko emanaldian Les Testarudes taldeak joko du, 1996 eta 2003 urte artean jaiotako bederatzi emakume musikariek osaturiko banda. Herrialde Katalanetatik datoz, eta emakumeek sorturiko ska, rocksteady eta reggae musikak dituzte erreferentzia nagusiak.

Igandea

Igande eguerdiz Joseba Tapia Herriko plazan ariko da zuzenean 13.00etatik aurrera, eta emanaldian Eskoriatza faxisten eskuetan erori zela 90 urte bete direla ekarriko dute gogora. Arratseko 19.00etan, azkenik, Petti eta Etxeko Uztaren emanaldiaz gozatzeko parada izango da. Berako musikariak gidatzen duen banda rock koordenadetako saioa eskainiko du Eskoriatzan, 'XX ta bortz urte zuzenean' diskoaren kantu zerrenda oinarri.

Ubicación

Herriko plaza eta Inkernu taberna
Herriko plaza
Eskoriatza. Gipuzkoa

Enlaces

informazio zabalagoa