Perota Chingo Bilboko kafe Antzokian

Fecha

27.09.26 - 27.09.26

Lugar

Bizkaia - Bilbo

Julia Ortiz eta Dolores Aguirre dira Perota Chingo
Julia Ortiz eta Dolores Aguirre dira Perota Chingo (PEROTA CHINGO)

Perota Chingo biko argentinarra gurean izango da asteburu honetan Europa zaharretik barna egiten ari diren kontzertu biraren barnean. Data bakarra iragarri dute Euskal Herrirako, eta honakoa Bilboko Kafe Antzokian izango da, igande arratsez, eta 19.00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude 25 euroen truke antzokiaren atari digitalean.

Perota Chingo

Julia Ortiz eta Dolores Aguirre dira Perota Chingo, eta 2011 urtean eman zituzten lehen musika pausoak Buenos Aires hirian. Kale giroko emanaldiak eskaintzen hasi ziren, taberna txikietan eta saio inprobisatuetan arituz formatu akustikoan. Musikalki bertako folkean dituzte sustraiak, gitarra akustikoen bidez, kantu biluzi eta melodikoetan barna arituz ahots ederrez. Izan ere, ahotsen lanketan dago bikoaren indar guneetako bat, eta bi abeslarien arteko jolasetan. Musikalki aro ezberdinak izan dituzte, eta lehen garaiko giro akustikoetatik, perkusioak eta elektronika lanabesak erabiltzera igaro dira, disko bakoitzean zerbait ezberdina eskainiz. Bira honetan ordea, sustraietara itzuli dira, gitarra akustikoa oinarri, kantu biluziak eskainiz biko formatu xumean.

Rie Chinito

Bikoaren lehen diskoak 2012 urtean ikusi zuen argia 'Un viajecito' izenean, eta disko horri esker taldearen sona handitzen joan zen azkar batean, batez ere 'Rie Chinito' kantuak izan zuen arrakasta izugarria medio. Garaiako sare sozialek bultzatu zuten taldea, eta apurka-apurka areto handietan eta jaialdi garrantzitsuetan aritzera igaro ziren. Gerora, etenik gabeko bidea burutu dute, Argentinatik kanpo kontzertu ugari eskainiz, eta mundu mailako birak eginez.

Euskal Herrian sarri izan dira zuzenean, eta gurean badute dagoeneko ikuslego fidel bat. Bilboko emanaldian 'TA' diskoa aurkeztuko dute, 2024 urtean kaleratu zuten estudioko azken emaitza. Kantu berriekin batera, musika bidea errepasatuko dute igande arratsez Kafe Antzokian, eta nola ez, 'Rie Chinito' kantua entzuteko aukera izango da gurean ere.

Ubicación

Kafe Antzokia
Done Bikendi
Bilbo. Bizkaia

Enlaces

Perota Chingo

Bilboko Kafe Antzokia