Sara Azurza Donostian
Fecha
20.06.25 - 20.06.25
Lugar
g - Donostia

Sara Azurza musikariak ‘Hiri Ilunen Umeak’ disko berria kaleratu du egunotan, eta ekainaren 20an, ostiral arratsez, Donostiako La Cripta Covent Garden aretoan aurkeztuko du zuzenean bere banda lagun KRII kolektiboaren festaren barnean. 20.00etan hasiko da emanaldia, eta amaitzean disko jartzaileekin luzatuko da gaua. Alai ekoizlea, Siwanaba, Frances Be eta Ines ariko dira sesio dantzagarrian. Kontzerturako sarrerak 13 euro balioko ditu, eta soilik emanaldirako aukera emango du. Ondorengo musika sesiorako beste sarrera bat eskuratu beharko da.
Hiri Ilunen Umeak
Sara Azurzaren lehen demoa ‘Theorein’ izenpean kaleratu zen 2018. urtean, eta bost urte pasa ziren lehen iraupen luzekoa iritsi arte. ‘Hemen berriro’ lanean garapen nabarmen bat izan zuen musikariak, eta gerora hartuko zuen bidearen lehen printzak nabari ziren. Berriki kaleratu duen ‘Hiri ilunen umeak’ diskoak bi urteko sormen prozesua izan du, eta guztira 10 kantu barneratu ditu estudioko bere bigarren emaitza luzean. Diskoa Bilboko El Tigre estudioetan grabatua izan da Jon Aguirrezabalaga soinu teknikariaren eskurik, eta Azurzaren musika bidean beste urrats sendo bat da. Aurretik sakondutako bideetan dabil musikaria, pop giro akustikoen barna, baino bestelako erritmoak ere alboratu gabe. Izan ere, diskoari izan ematen dion abestia elektronika lanabesetatik abiatzen da, eta lan berrian, ez da bakarra. Diskoak bi lankidetza jasotzen ditu, eta bide horretan ‘Begietan’ abestian Olaia Inziarteren ahotsa entzun daiteke, eta ‘Zure behatz artean’ Janus Lester izan du alboan.
Ostiralean taularatuko du diskoa lehen aldiz Donostian, eta udara eta gero hasiko dira zuzeneko aurkezpenak areto eta antzoki ezberdinetan.
Ubicación
La Cripta Covent Garden
Easo kalea 18
Donostia. g