Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Artzallus eta Maialen Lujanbio, kantari, Donostian

Fecha

09.04.24 - 02.05.24

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Bilintx gogoan, bertsogintza ardatz duen hamabostaldia prestatu da.
Bilintx gogoan, bertsogintza ardatz duen hamabostaldia prestatu da. (DONOSTIA KULTURA)

2021ean antolatu zuten Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak Bilintxen Menda izeneko bertso hamabostaldia, Bilintx bertsolari handiaren jaiotzaren 190. urtemugaren karietara.

Bigarren hamabostaldiaren berri eman dute astelehen honetan. «Beste ardatz baten gainean, baina helburu eta borondate berbera dakar bigarren honek ere: Donostiak historikoki bertso-plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatu, bertsozaleei gozatzeko paradak eskaini eta bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoeta egin», adierazi dute sustatzaileek.

Donostia Kulturarekin batera, oraingoan antolakuntzara San Telmo Museoa gehitu da. Bada berritasunik. Txapelketa izango da aurtengo jardunaldien ardatz, eta Imanol Larzabal Aretoan, Antzoki Zaharrean, Ernest Lluch K.E.n eta San Telmo Museoan egingo diren lau saioek osatzen dute programa.

Horietako bik ordaindutako sarrera dute eta beste bietan sarrera librea izango da aretoa bete arte. Sarrerak astearte honetan (martxoak 26) jarriko dira salgai, 11.30etik aurrera.

Egitaraua

Txapeldunen bertso saioak irekiko du hamabostaldia. Apirilaren 19an (19.30), Imanol Larzabal Aretoan da hitzordua. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Artzallus eta Maialen Lujanbio. Izen handiak agertoki gainean. Sarrerak 5 euroko prezioan webgunean, Victoria Eugenia Antzokia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Lugaritz Kultur Etxean. Ainhoa Larretxea airuko da gaijartzaile.

«Bost dira Txapelketa Nagusia irabazia dutenen artetik bizirik segitzen duten bertsolariak. Xabier Amurizak aspaldixko utzi zituen plazak, gainerakoek sasoi betean jarraitzen dute eta Donostian kantatuko dute», adierazi dute Donostia Kulturatik.

Hilaren 24an ‘Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik’ izenburupean arituko da Jon Sarasua. 19.00etan hasiko da hitzaldia Ernest Lluch Kultur Etxean. Sarrera librea aretoa bete arte

«Jon Sarasua bertsolari handia da. Plazetatik kanpo bada ere, bertsolaritzarekin lotuta segitzen du, eta haren begirada zoliak eta arrazoiketa sakonak beti sortzen dituzte gogoetarako printzak. Txapelketez eta bertsolariez arituko da Donostiako bertso hamabostaldian, Xabier Euzkitzek aurkeztuko duen saioan», iragarri dute.

Egitarauan aurrera eginez, ‘Bertsolari Txapelketen antologia kantatua’ hitzaldi musikatua prestatu dute. Apirilak 28an eskainiko da (19.00), Antzoki Zaharrean. Sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia Antzokia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.

1935etik 1967ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusietan zeharreko bidaia bat da proposatu dutena, gaur egungo bost bertsolariren ahots eta begiradetatik egina. Bertsolari Txapelketa bakoitzak bere garaiko gai, ikuspegi eta ahotsak bildu ohi ditu. Emanaldi honetan garai bakoitzean kantatzen zenaren eta gaur egun kantatuko litzatekeenaren arteko ispilu-joko bat osatuko dute Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibartzabal eta Aner Euzkitze bertsolariek, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikak lagunduta. Aizpea Goenaga arituko da aurkezle lanean.

Gai-jartzailetzaren bilakaera hizpide hartuko duen mahainguruak emango dio amaiera hamabostaldiari. Maiatzaren 2an (19.00), San Telmo Museoan izango da. Sarrera librea aretoa bete arte.

«Bertsolaritzak ez du aldatu eta moldatu gabeko alorrik. Gaiak landu eta jartzeko moduek ere bilakaera ukaezina izan dute. Hiru belaunalditako gai-jartzaileak izango ditugu, garaian garaiko gai- jartze moduez eta ikuspegiez solasean. Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabal izango dira solaskideak, Xabier Euzkitzek gidatutako saioan», adierazi dute antolatzaileek.
   

Ubicación

Lugaritz Kultur Etxea
Heriz Pasealekua, 20
Donostia. Gipuzkoa