Süne eta Dupla Abadiñon
Fecha
22.05.25 - 22.05.25
Lugar
Bizkaia - Abadiño

Egunotan San Trokaz jaiak ospatzen ari dira Abadiñon, eta antolatu diren dozenaka ekimen eta ekintzen artean, zuzeneko musikak bere tartea izango du gauero. Maiatzaren 24an, larunbatez, Süne eta Dupla taldeak ariko dira zuzenean 22.00etatik aurrera herriko plazan, doakoa izango den emanaldian. Gaua borobiltzeko DJ Kool ariko da musika jartzen goizaldera bitartean.
Süne
Huntza taldearen azken aroan eman zuen ezagutara Josune Arakistain musikariak Süne egitasmoa. Huntza taldeko kide izandakoak bakarkako bidea abiatu du, eta dagoeneko kalean du iraupen luzeko lehen diskoa den ‘Amaineman’ lan koloretsua Balaunka diskoetxearen babesean. Trikia eskuan, elektronikaren bidetik jo du musikari gipuzkoarrak, bere bi munduak uztartuz kantu alai eta dantzagarrietan. Horrela, Txitxarro dantzalekuko doinuak Itziar herriko plaza giroekin batu ditu, sustraiei helduz eta norabide berriei bide emanez kantu askeetan.
Dupla
Dupla taldea ere herriz herri dabil beraien ikuskizuna taularatzen. Beñat Oribe eta Gari Uriarte dira Dupla, eta bi laguneko banda erraldoia dira. Kontzertu soil batetik haratago, bikoaren emanaldi bakoitza musika esperientzia bat da, non taldeak eta ikuslegoak bat egiten duten festa amaigabean. Berriki Herri Urrats ekimeneko kantua egin du bikoak, eta beste behin, edozein musika eratan murgiltzeko gai direla erakutsi dute, Pantxoa eta Peio abeslariekin batera egindako kantu ederrean. Kantu berriekin batera, taldearen betiko klasikoak entzungo dira Abadiñoko zuzenekoan.
Ubicación
Herriko plaza
Herriko plaza
Abadiño. Bizkaia