Tokiko artoak, erakusketa baten protagonistak
Fecha
28.09.26 - 21.12.26
Lugar
Gipuzkoa - Donostia

Cristina Enea Fundazioak, Haziera proiektuaren bidez, erakusketa bat ireki du Ingurumen Baliabideen Zentroan. Bertan, euskal kantauriar isurialdean bizirik dirauten 27 tokiko arto-barietateei buruzko informazioa biltzen da, «mirari txiki bat», arduradunen arabera, oinarrizko elikagai horren barietate gehienak desagertu egin baitira gure inguru hurbilean. Erakusketa abenduaren 21era arte egongo da ikusgai Cristina Enean.
Artoa garrantzi handiko elementua izan da Euskal Herriko isurialde atlantikoko nekazaritzan eta sukaldaritza kulturan. Azken urteotan, ordea, laborantza izugarri jaitsi da, kontsumoa murriztu den bezala. Iñigo García Ingurumen zinegotziak erakusketa honen bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du, gure inguruko nekazaritza- eta kultura-ondarearen zati bat ezagutarazteko eta babesteko.
«Biodibertsitateaz hitz egitea belaunaldiz belaunaldi landu diren eta gure historiaren parte diren barietateez hitz egitea ere bada. Horiek ezagutzea eta horiei balioa ematea lehen urratsa da desagertzea saihesteko», adierazi du.
Tokiko arto-barietateak ugaltzen eta mantentzen jarraitzen duten pertsonak gero eta gutxiago direla ikusita, 2025ean prospekzio-lan txiki bat egin zen Basaburu Ttikia, Baztan, Bortziriak eta Malerreka ibarretan landatzen diren barietateak identifikatzeko. Proiektu hori Cederna Garalurren bidez kudeatzen ari diren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Next Generation funts europarrekin finantzatutako ekimena da.
Lan horren esparruan, tokiko 27 arto-barietate identifikatu ziren, lehen karakterizazio bat egin zen eta barietate horietako bakoitza desagertzeko arriskuan zein neurritan dagoen aztertu zen.
Ubicación
Cristina Enea parkea
Donostia. Gipuzkoa