Txapel Reggae jaialdia Armintzan
Fecha
18.07.26 - 18.07.26
Lugar
Bizkaia - Lemoiz

Urtero legez, eta uztailaren erdiarekin batera Txapel Reggae jaialdiaz gozatzeko aukera izango da Armintzako paraje ederrean, Lemoizen. Egitarau ederra prestatu dute aurtengorako ere, eta Jamaika, Brasil edo estatu espainoleko artistak ariko dira zuzenean, Euskal Herriko taldeekin batera. Kartel buruen artean, Jah Mason, Junior Dread, Dactah Chando, Rudymentari edo Steady Rockets aipatu daitezke, musikalki reggae musika koordenadetan beti ere. Txapel Reggaek hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du Armintzako Jai Batzordearen eskutik, egun gurean den festibalik zaharrenetako batean bilatuz. Bertako sustraiak galdu gabe, reggae kultura zabaltzea izan dute xede urte hauetan guztietan, mundu mailako artistak ekarriz, eta Euskal Herriko musika taldeak sostengatuz edizioz edizio. Eguerdiko 12.00etan hasiko dira ekimenak eta goizaldeko ordu txikian bitartean luzatuko da musika festa. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.
Batukale Samba taldearen kalejirak emango dio hasiera egunari eguerdiko 12.00etan, eta ondoren African Vibes Dance Bilboko kolektiboaren eskutik dantzak izango dira kale giroan ere. Hortik aurrera zuzeneko emanaldiak tartekatuko dira, Txapel reggae festibalak dituen bi agertoki nagusietan. Biobizz Portua Stage agertokian ospatuko dira emanaldi nagusiak, eta aurtengorako berritutako Spannabis Dub Stage guneak hamabi orduko sound system egitaraua eskainiko du.
Biobizz Portua Stage
Jaialdiaren kartel buruetako bat Jah Mason izango da, bere Riddim Factory Band taldea oholtza gainean lagun. 1990 urtean abiatu zuen bere musika bidea eta geroztik etenik gabeko ibilbidea osatu du. Azken hamarkadetako Jamaikako roots reggae ahots garrantzitsuenetako bat dela esan diate inolako ezbairik gabe, eta Armintzako emanaldian erakutsiko du hori zuzeneko koloretsuan. Jamaikatik Brasilera salto eginez Junior Dread ariko da aurten ere. Bere musikak Jamaikako erroak eta Brasilgo nortasun musikala uztartzen ditu, emaitza dantzagarri eta beroan. Bere bi errealitateen nahasketa itzela da, bestelako kolorea emanez bere kantuei. Dactah Chando, berriz, Kanarietako reggae eszenako izen nagusietako bat da. Musika bidean hamabi disko argitaratu ditu, hogei urteko tartean, eta Armintzan 'Reset' lana aurkeztuko du zuzenean, roots reggae giroetan datorren estudioko azkenengo emaitza. Menorcatik, azkenik, Rudymentari etorriko da, nola ez reggae eta Rocksteady musika sustrai Two Tone zaporeko kantuekin. Bere sorterriko doinuak jamaikar giroekin uztartzen ditu kantu borrokalari eta letra konprometituekin, eta horren adibide argia da labetik atera duen 'Mala herba sempre creix' estudioko azken emaitza.
Euskal Herritik, azkenik, Steady Rockets taldea ariko da. Azken urteetan zer esan handia ematen ari da banda bizkaitarra, eta berriki kaleratu da taldearen lehen disko luzea den 'Aireratzea' lana. Su txikian landutako diskoa da honakoa, hamaika kantuetan zehar 60. hamarkadako jamaikar erritmoetatik ska-jazz doinuetaraino bidai eginez. Jamaikako musikak Euskal Herrian belaunaldiz belaunaldi izan duen beste katebegi bat da Steady Rockets, Potato taldetik hasita bidea egiten ari diren talde gazteetaraino doan errepide koloretsua.
Spannabis Dub Stage
Hamabi orduko sound system festa proposatzen da Spannabis Dub gunean. Dub giroetara bideratua izango da honako agertokia, eta sound system erreferenteak izango dira bertan. Blackboard Jungle Frantziako sound system ospetsua Europako dub eszenako izen handienetako bat da, betiere biniloa eta roots dub tradizioa ardatz hartuta. Frantziatik ere, Irie Ites kolektiboko musika jartzaileak izango dira Armintzan, Le Mans hiritik Frantziako reggae eta dub kulturaren ezinbesteko erreferenteak. Euskal Herritik bi proposamen: Alde batetik Herrimin egitasmoa ariko da Beñaranks abeslaria lagun, Euskal Herriko kantu ezagunak reggae eta dub giroetara moldatuz, hala nola, 'Mendian gora', 'Zazpi jauzi', 'Haika Mutil', 'Bagere' edo 'Ez gaude konforme' bertsionatuz. Bestetik, Biboko Bomb Bass HiFi kolektiboa iragarri da, non besteak beste Ital Rakka, Kbless eta Lurrikara batuko diren bertan emanaldi berezian.
Aurtengo berrikuntzen artean Txiki Yard gunea aipatu behar da, non txikienek familian reggae musikaz gozatzeko aukera izango duten. Tailerrak, jarduera artistikoak eta jolaserako gune librea izango da bertan, Akatz taldeko Baltz Bita abeslari eta kantu jartzaileak girotuko duen gunean berrian.
Ubicación
Armintza
Armintzako portua
Lemoiz. Bizkaia