Xabier Amuriza omenduko du bere sorterriak ‘Torreburutik Euskal Herrira kantuz’ egitarauarekin

Fecha

10.11.23 - 12.11.23

Lugar

Bizkaia - Amorebieta Etxano

Asisko Urmeneta gerturatu da Zornotzan egin den aurkezpenera.
Asisko Urmeneta gerturatu da Zornotzan egin den aurkezpenera. (ZORNOTZAKO UDALA )

Zornotzako Etxano auzoko Torreburu baserrian jaio zen 1941an Xabier Amuriza bertsolari, euskaltzale, irakasle, idazle, itzultzaile, ikertzaile, musikari eta eragilea. Gure kulturaren gizon handia. Bere sorterriako Andra Mari Berri elkarteak, Zornotzako Udalaren eta hainbat eragile eta erakunderen laguntzarekin, ‘Euskal Herriko Doinuak 2023 Etxano – Xabier Amuriza, Torreburutik Euskal Herrira Kantuz’ izeneko programa antolatu du, hiru egunekoa, azaroaren 10etik 12ra, bere omenez.

Egitarauaren ekitaldi nagusiena larunbatean izango, 21.30ak aldera, Euskal Herriko hainbat gonbidatu berezirekin ondutako ikuskizuna izango delako. Besteak beste, Asisko Urmeneta, Jon Maia, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Agus Barandiaran eta Josu Zabala gerturatuko dira Etxanora.

Ainhoa Salterain alkateak aitortu duenez, «Amorebieta-Etxanok eman duen figura nabarmenetako bat da Xabier Amuriza, gure historian aztarna ezabaezina utzi duena eta gure euskal nortasunari eta kulturari ekarpen handia egin dion pertsona aparta».

Olaia Hormaetxek, Andra Mari auzo elkarteko ordezkariak, Xabier Amurizaren lorpen ugarietako bat azalduz hasi du ostegunean prentsaren aurrean egindako agerraldia, Oskorri talde mitikoaren ‘Euskal Herrian Euskaraz’ abestiaren letra, ereserki bihurtu dena: «1980an, Oskorri talde ikonikoak ‘Euskal Herrian Euskaraz’ abestia kaleratu zuen, euskaldunentzako himno bihurtu zena. Bere eduki errebindikatiboaz haratago, abesti honek musika gustagarri eta goxoa ere badauka. Eta letra? Maisulana da! Abesti honen egiletza eta beste hainbat abesti aipagarri askorena gure Xabier Amurizarenak berarenak dira. Eta ‘gurea’ azpimarratzen dut, Etxano udalerri independentea zen garaian, Xabier Amuriza Torreburubarri baserrian jaio zelako, euskarari eta gure herriaren aberastasun kulturalari ekarpen handia egin dion tokian. Era berean, hainbat sari lortu ditu euskararen eta gure kultura partekatuaren maitasunaren alde egindako ibilbidean zehar. Harro egoteko moduan gaude, bai horixe! Xabier, benetan sinetsita gaude zorretan gaudela zurekin eta eskaini diguzun guztiagatik aitorpen xume bat egin beharrean gaude».

Etxanon urtero antolatzen den Kultur Asteburuaren baitan, aurten ‘Kantua’ aukeratu dute ardatz nagusitzat. Ostiralean haurren kantaldia izango da, larunbatean egun osoko egitarau betea eta igandean, irrintzi ikastaroaren ondoren, Etxanoko auzotarren eta Zornotzako abesbatzen kontzertuarekin amaituko dute.

Larunbatean, egun osoan

Larunbateko omenaldia asteburuko une garrantzitsuenetako bat izango da. Egun osoa hartuko duen egitarau oso batekin burutuko da. Goizean, Xabier Amurizak idatzitako ‘Bizitza bat oroimenean’ liburu autobiografikoaren pasarte bat antzeztuko dute Bizkargin, Autzaganen, Torreburun eta Etxanoko elizan; antzezpen honen amaieran, Brioletak abesbatzak parte hartuko du Etxanoko elizan.

Ondoren, bideo bat proiektatuko dute eta goiza herri bazkariarekin itxiko dute. Arratsaldean, bazkalostean, Eneko Larruzearen errezitaldia izango dute. Iluntzean, Amorebieta IV pilotalekuko sarreran, Soinu Txikik emanaldi txiki bat egingo du; ondoren, 21.30ak aldera, Euskal Herriko hainbat gonbidatu berezirekin ikuskizuna izango da: Asisko Urmeneta, Jon Maia, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Agus Barandiaran, Josu Zabala, Iban Ibarretxe eta bertako musikariekin.

Azaroak 10 ostirala
17.30ean, Etxanoko erraldoien kalejira.
18.00etan, ikastetxe guztietako haurren kantaldiaren topaketa.
18.30ean, haurren kantaldia Abeskimu koroak lagunduta.

Azaroak 11 larunbata
9.30ean, Xabier Amuriza ibilaldi antzeztua.
14.00etan, bideo emanaldia elizan.
15.00etan, herri bazkaria.
17.00etan, kantaldia.
20.00etan, ‘Soinu txikie’ emanaldia Zelaietako frontoian.

Azaroak 12 igandea
10.30ean, eztarria berotzeko gosaria.
11.30ean, irrintzi ikastaroa.
12.30ean, kontzertua Etxanoko auzokide eta Zornotzako koroko kideekin.

Ubicación

Amorebieta Etxano

Amorebieta Etxano. Bizkaia