Xabier Badiola Marruma Kulturalean

Fecha

23.02.25 - 23.02.25

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Xabier Badiola
Xabier Badiola (GAZTELUPEKO HOTSAK)

Aurrera doa Donostiako Marruma elkartean igande arratsetan egiten den Marruma Kulturalak ekimena. Otsailaren 23an Xabier Badiola kantugilea izango da protagonista, eta bere musika bidea errepasatuko da luze eta zabal elkarrizketa musikatuan. Hilero musika talde edo artista bat gonbidatzen dute bertara, elkartearen goxotasunean kontzertu akustiko-elkarrizketatu bat egiteko. Emanaldi honetako gonbidapenak larunbatetik aurrera lor daitezke Marruma tabernan bertan (Kale Berria 12, Gros). Emanaldia doakoa izango da eta 18.30ean hasiko dira lehen galdera eta akordeak.

Gitarra eta ahotsa

Gaztea izan arren, urteak daramatza Xabier Badiolak musika munduan murgildua. Egun bere bakarkako bidea eta Sotomonte taldean duen jarduna tartekatzen ditu, bakarka edo talde eran taularatuz agertoki gainean. Sotomonte taldearekin rock psikodeliko eta progresiboan sakontzen du, atmosfera handiko kantu luze bezain intentsoak jorratuz. Bakarka, berriz, folk eta pop giroak lantzen ditu, kantu biluzien bidez ahotsari eta ahots jokoei garrantzi handia emanez. Bere bidean disko bakarra kaleratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluak binilo formatu ederrean kaleratu zuen debuteko lana. Bertan bere lehen hamar kantuak biltzen ditu, bost biniloaren alde bakoitzean. Abestiak gitarrarekin eta ahotsarekin bakarrik defendatzen ditu, bestelako artifizio edo su-festarik gabe. Horrela taularatzen da ere, zuzeneko saio xume bezain indartsuak eskaintzen han-hemenka. Igandean Donostian eskainiko duen saioan hauetako batzuk entzun ahal izango dira zuzenean.

Ubicación

Marruma Elkartea
Kale Berria 12, Gros
Donostia. Gipuzkoa

Enlaces