XV. mendeko Lili Jauregira bisita, bertako bizilagun Andre Madalenen eskutik

Fecha

08.03.24 - 10.12.24

Lugar

Gipuzkoa - Zestoa

Andre Madalenek erakutsiko dizkigu Lili jauregiaren txoko ezkutuak.
Andre Madalenek erakutsiko dizkigu Lili jauregiaren txoko ezkutuak. (ARAZI)

Historian atzera egiteko aukera eskaintzen du Zestoako Lili jauregiak. Ekainberrirako bidean kokatua, gotiko estiloan eraikia da jauregia. Eraikina multzo handiago baten parte da, bi burdinola, Lilibea etxea, bi errota eta urtegi batez osatua.

Bisita antzeztuen bidez garai hartako bizimoduaren berri izango du bisitariak. Goizane Alvarez Kultura diputatuaren esanetan «Lilitarren linaiari hasiera eman ziona emakume bat izan zen, eta ondoren, Lili Jauregia emakumeek gobernatuta agertu izan da hainbat garaitan. Esperientzia paregabe honekin euskal kultura eta historia sustatzen ditugu eta emakumearen figura balioesten dugu, Lili Jauregira egindako bisitak emakumeak historian zehar euskal gizartean izan duen paperaz hausnartzeko aukera bat direlako».

Andre Madalen

Izan ere, Andre Madalen izango du bisitariak anfitrioi. Bera da ‘Lilitarren ohorea’  antzezlanaren protagonista. Datu historikoetan oinarritutaKo antzezpena da. XVII. mendeko emakumea euskalduna da Andre Madalen. Emakume langile mobilizatu eta ez konformistaren irudia erakusten du. Benetako eszenario eta pertsonaia historikoekin egiten den antzezlana. Talde txikitan gozatzen da, ikusleak antzezpeneko parte izanik hasieratik.

Denboraldi berri honetan Andre Madalen jokatuko dutenak Zestoako bi antzezle dira: Inma Izeta eta Maialen Kortadi. «Proiektu honen hasieran, 2013an, zerbitzua inguruko baliabideak erabiliz eskaini behar zela argi zegoen eta Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako aktoreekin kontatu zen Andre Madalen interpretatzeko. Eta hori ‘oso harro’ egoteko modukoa da haientzat, ez baita fikziozko pertsonaia bat, benetan existitu den Zestoako pertsona baten papera egiten baitute.  Gainera, emakume ‘boteretsu, indartsu eta borrokalaria’ izan zen, eta pasa zituenak pasa eta gero, etxea gobernatzearen ardura beregain hartu zuen», jakinarazi dute Diputaziotik.

Plazak mugatuak direnez sarrera erreserbatzea gomendatzen da. Saioak larunbata, igande eta jaiegunetan izaten dira. Larunbatetan 16.30ean gaztelaniaz eta 17.30ean euskaraz. Igande eta jaiegunetan 11.30ean gaztelaniaz eta 12.30ean euskaraz.

Aparkalekua Zestoako sarreran, eskuinaldean dago. Sarrerak herriko erdigunean dagoen Ekainberriko bulegoan hartu behar dira. Bulegotik jauregira oinez 10 minutu daude. Antzezlanak 25 minutu irauten ditu, eta puntualtasuna eskatzen da.

Sarrera online eros daiteke. Tarifa orokorra 7 eurokoa da, tarifa murriztua: 6 eurokoa (ikasleak, irakasleak, erretiratuak eta pentsiodunak) eta 6 urtetik beherako pertsonek doan.

Ubicación

Lili Jauregia
Portale Kalea, 1
Zestoa. Gipuzkoa