Zetkin eta Krav Boca, Hondarribian eta Hazparnen

Fecha

24.01.26 - 24.01.26

Lugar

Lapurdi - Hazparne

Krav Boca agertoki gaineko espektakulu handia da.
Krav Boca agertoki gaineko espektakulu handia da. (KRAV BOCA)

Zetkin eta Krav Boca taldeek indarrak batuko dituzte asteburuan bi kontzertu eskaintzeko gurean.

Krav Boca banda frantziarra biran datorrela aitzakia hartuta, Hondarribiko Psilocybenea aretoan eta Hazparneko Ttattola gaztetxean hitzartu dituzte emanaldiak.

Hondarribiko sarrerak aretoaren atari digitalean eskura daitezke dagoeneko 12 euroen truke. Hazparnekoak, berriz, egunean bertan salduko dira kontzertua hasi baino lehen.

Krav Boca

Tolosa (Frantzia) hiritik datorren egitasmo multikulturala da Krav Boca. Taldea osatzeko greziar, marrokoar eta frantziar musikariak batu dira, eta dagoeneko 500 kontzertu baino gehiago jo dituzte lau urteko ibilbidean.

Aurretik ere izan dira Euskal Herrian, eta gurean eskainitako emanaldien oihartzuna handia da oraindik orain. Taldeak bi emanaldi eskainiko ditu gurean ‘Drapeau Noir Tour’ kontzertu biraren barnean, kontzertuetan ‘Premier Metro’ EP berriko kantuak aurkeztuz.

Zuzeneko basatiak egiten ditu bandak, agertoki gainean akrobaziak, piroteknia, su-efektu eta bestelako tramankuluen bidez emanaldi sutsuak burutuz. Gitarra, bateria eta mandolina erabiltzen dituzte kantuak egiteko, eta hiru abeslariek borobiltzen dute banda, errima eta erritmoen bidez letra aldarrikatzaileak landuz, musika borrokarako tresna bezala erabiliz. Punk jarrera dute, eta raparen zorroztasuna mezuetan.  

Zetkin

Emanaldian Zetkin taldea izango dute lagun, Baiona (Lapurdi) hiritik datorren punk laukotea. Musikalki punk-rockean oinarritzen dira, 80. hamarkadako erritmoak erreferentzia nagusi hartuta, gaur egunera ekarritako doinuekin.

Musika bidean bi disko kaleratu dituzte, eta bi disko horietan oinarritzen dituzte zuzeneko emanaldiak. 2024 urteko ‘Maitasuna eta Sua’ diskoari, ‘Emazte gudari’ diskoak eman zion jarraipena, 2025 urteko maiatzean argia ikusi zuen lan oldarkorra.

Taldeak Riot grrrl! mugimenduarekin egiten du bat, letra feminista, borrokalari eta anti-kapitalistak landuz, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzitako testu zuzenetan.

Ubicación

Ttattola gaztetxea
Ttattola gaztetxea
Hazparne. Lapurdi

Enlaces