Zizeron eta Higg bosoia denbora kiribil batean lotu ditu Nadia Hotaitek

Fecha

25.09.23 - 12.11.23

Lugar

Bizkaia - Bilbo

Nadia Hotait bideo egile eta artistak Bilboko Arte Ederretako museoko beka bati esker egin du lan berezi hau.
Nadia Hotait bideo egile eta artistak Bilboko Arte Ederretako museoko beka bati esker egin du lan berezi hau. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Unibertsoaren eta bizitzaren jatorria zein da? Bizitzaren ostean zer dago, ezereza? Zein da gizakion xedea: askatasuna edo mendekotasuna? Marko Tulio Zizeron ((K.a. 106-K.a. 43) erromatar politikari eta filosofoa Higgs bosoiari buruz egiten ari den ikerketa zientifikoaren lotu egin du Nadia Hotait artistak bideo-instalazio batean.

Irailaren 25tik azaroaren 12ra Bilboko Arte Ederretako Museoan ikusgai dagoen ‘Unseasonal Autumn’ (Udazken amaigabea) bideo-instalazioak zientzia fikziozko filme baten itxura izan dezake; aktoreekin grabatuta, italieraz, bi lokalizazio erabat kontrajarrietan grabatu da: Erroma zaharreko hondakinak –palazzo eta antzoki eder bat–, alde batetik, eta gaur egungo laborategiak.

Sakona eta bitxia oso, BBK Fundazioak eta Bilboko museoak berak bultzatutako Multiverso programaren barnean bekari esker gauzatu da bideo instalazioa. Ikus-entzunezko komunitate artistikoa babestea du xede programa honek.

Zweig eta Zizeron

Seguruenik, ‘Decisive Moments in History: Fourteen Historical Miniatures’ (1927) Stefan Zweigen (1881-1942) libururik ospetsuena da. Saiakera honetan, idazle austriarrak gizakion historian giltzarritzat eta erabakigarritzat jo zituen zenbait une islatu zituen. Hitzaurrean irakur daitekeenez, «une zehatz hauek ehunka belaunalditarako bizitzan ezeztaezinak izan dira; are gehiago, gizabanako bakar baten bizitza, herri oso batena eta gizateria osoaren patua markatu izan dute».

Bada, aipatzen duen lehen une nagusiena Marko Tulio Zizeronen (latinez: Marcus Tullius Cicero, K.a. 106ko urtarrilaren 3a - K.a. 43ko abenduaren 7a) bizitza da. Zehatzago, K. a. I. mendean Tusculumen filosofo eta politikoak pairatu zuen erbestealdia. Politikari eta hizlari erromatarra, bere zahartzaroan, konturatu baitzen «kohorteak hitzak baino boteretsuagoak direla», eta politika bere benetako helburutik urrundu dela; hau da, Errepublika eta askatasuna xedetzat izan beharrean, politikoen interes pertsonalenen menpe zegoela.

Saiakera hau irakurri zuenean. Nadia Hotait artistari (Madril, 1982) jakin mina piztu zitzaion. Tusculum non zegoen bilatu behar zuen. Gaur egun Erromatik gertu dagoen Frascati hirian kokatzen dira hondakinak, egun Italiako Fisika Nuklearreko Institutu Nazionala dagoen tokitik gertu. Han Higgs bosoia ikertzen ari dira, hau da, unibertsoaren jatorria azaltzen duen oinarrizko partikuletako bat; bertan ere, Italiako lehenengo partikula-azeleragailua egin izan da.

Eta iragana eta orainaren arteko elkarrizketa bat sortu du, ari horretatik tiraka, ‘Unseasonal Autum’ (Udazken amaigabea) izeneko bideo-artelanean, 2.000 urte hauetan gizakiok galdera berdinei erantzuten ahalegintzen garelako. Erabat zinematografikoa den instalazio bat Nada Hotaitek dakarrena, filme baten egikera duelako. Italieraz errodatuta, bertako aktoreekin, triptiko itxura du –hiru pantailetan hiru une desberdinak islatzen dira– eta ariketa artistiko bat proposatzen digu.

Memoriatik tiraka

Madrilen sortuta, jatorri libanoarra du Nadia Hotaitek. Hainbat sarien irabazle, beti memoriarekin bueltaka ari da. Bere ahizparekin batera, Laila Hotait zinemagilearekin, Ficcionar sortu du film laburrak eta dokumentalak ekoizten dituen plataforma, hainbat jaialditan eta telebisako kanaletan eman izan direnak, hala nola BBC Arabicen eta Docummanian. ‘La Noche entre Ali y Yo’ lanarekin, esaterako, Film Esperimental Onenaren Saria jaso zuten Lebanese Film Festival-en.

Bertan 1973an Beiruteko Amerikako Bankuan komando Mugimendu Sozialista Iraultzailearen komando baten ekintza islatzen da. 39 pertsona bahitu eta 10 milioi dolar eskatu zituzten Palestinari laguntzeko. 26 orduko setioaren ondoren, polizia tiroz josi zuen bankua, eta bahitzaile bi eta bahitu ni hil zituen. Komandoko partaide bat Hotait ahizpen gurasoen laguna zen.

Orain aurkeztu duen lan berri honetan, ordea, filosofia eta artea hizketan jarri ditu: Unibertsoaren jatorria bilatzen ari diren zientifikoak, alde batetik; bere bizitzaren bukaeran dagoen filosofo bat, bestetik. Eta denborra lerro honetan, gizakioi sortzen zaizkigun galderak eta kezkak ez dira horrenbeste aldatu: «Egia da, nolabait, denbora historikoak kiribil batean bezala biratzen jarraitzen duela eta, behin eta berriz, guk gauza beretan huts egiten jarraitzen dugula, akats berberetan estropezu egiten jarraitzen dugula, baina horrek ez du esan nahi kiribil horren irteerarik ez dagoenik», aipatu du egileak.



Ubicación

Museo Bellas Artes Bilbao
Museo Plaza 2
Bilbo. Bizkaia