Akabo
Zer irakurri hautatzea suertatzen zait udako ariketarik zailenetarikoa. Lanean edo oporretan egon, garai honetan literaturari eskaintzeko denbora gehiago dudala iruditzen zait eta, huts ez egiteko asmoarekin, kontzienteki aukeratzen ditut irakurgaiak.
Laura Mintegiren "Akabo" eleberriarekin hasi naiz eta esanen nuke asmatu dudala. Ez dut gehiegirik kontatuko, noski, baina esan dezaket atzekoz aurrera idatzitako istorioa dela, non iragana eta oraina modu magistralean nahasten diren. Beraz, suposatzen dut, uneren batean bi denborek bat eginen dutela eta hor jakinen dela noiz hasi zen gainbehera, noiz hasi zen gauzatzen porrot sentsazioa.
Hori baita uda honetan dudana, derrota sentsazioa. Bataila asko galdu dugulako sentsazioa. Irabazi dute aldaketa klimatikoaren eztabaida eta dagoeneko bentiladorea edo aire girotua instalatzeaz aritzen gara. Irabazi digute lan baldintza duinen eztabaida, eta bajak eta absentismoa ez nahasteaz arduratu behar dugu. Irabazi digute hezkuntza publikoa eta pribatuaren eztabaida, baita hizkuntzarena ere, eta orain harro agertzen zaizkigu irabazle harroputzak.
Ikasturte gogor baten sentsazioa besterik ez da. Baina, oraingoz, akabo. Irailean itzuliko gara, irakurtzeko eta idazteko gai egokiak hautatzeko gaitasuna berrituta.
