Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Alfonbra gorria denean

Istorio gorriek glamour alfonbra igaro badezakete, utzi diezaiegun igarotzen. Non eta Donostian, etxegabetze-aginduek, horren ohiko izateagatik, albiste izateari utzi diotenean.

Sare sozialetan eztabaidan ari garen bitartean, Europan gauza serioak jazotzen ari dira. Italian izandako abstentzioa eta ultraeskuinaren garaipena ahalbidetuz eskuma bozkatu duten langileak direla eta, Margaret Thacherrekin gogoratu naiz. «Gizartea ez da existitzen; soilik gizabanakoak eta familiak», esan zuen sindikatuen eta antolakuntza sozialaren aurkako politikengatik famatu egin zen mandatariak.

Zinemagintza kritiketatik urrun dauden hausnarketak irakurri ditut egunotan. “En los márgenes” filmaren aurkezpenean alfonbra gorritik igaro den Penelope Cruz kritikatu dute hainbat ahotsek, jakinda ere ez zuela inongo beharrik etxegabetze-aginduei buruzko film batean parte hartzeko. Juan Diego Bottok ere ez zuen zertan filma zuzendu, ez eta horren kontra jarduten duten plataformei ahotsa eman ere. Gidoian parte hartu duen Olga Rodriguezen esaldia oroitu dut. Kazetariak dioenez, egunero jazotzen dena ez da inoiz albiste.

Istorio gorriek glamour alfonbra igaro badezakete, utzi diezaiegun igarotzen. Non eta Donostian, etxegabetze-aginduek, horren ohiko izateagatik, albiste izateari utzi diotenean. Non eta gurean, sindikalismotik eta antolakuntzatik baikatoz, eta horri eutsi ezean, jendartea izateari utzi eta gizabanako hutsez jositako gizarte hila izateko bidean baikaude.

Buscar