Deshumanizazioa
«Puto maricón de mierda, te voy a matar, muérete, sois una plaga». Hitz horiek zuzendu zizkioten bi gizonek Iruñeko hilerriaren inguruan zebilen beste bati, jarraian jipoitu aurretik. Epaitegiak gorroto delitua egotzi die auzipetuei eta frogatutzat eman da ez zela boteprontoko jazoera izan, nahita egin baitzioten jarraipena erasoa gauzatu aurretik.
Udalaren webgunean kontsulta daitekeenez, «Iruñean, LGTBIfobia iraunkorra da, ez puntuala, dimentsio anitzekoa, osagai transfobiko nabarmena du eta zigorgabetasunak eta normalizazio sozialak indartzen dute». Kasu gehienak, baina, beldurrak medio, ez dira salatzen eta ez dira epaitegietara iristen. Beraz, pentsatzekoa da datuak motz geratzen direla. Ez da hori, ordea, gehien arduratu behar gaituena, gorroto delitu horien atzean dagoen arrazoia baizik. «Sois una plaga» oihua ez da jarrera edo ideologia politiko bati jarraikiz egiten den baieztapen hutsa, normatibitatea hausten duen kolektibitate oso baten deshumanizazioaren gauzatzea baizik.
Pertsona gizaki gisa ukatu eta indarkeria edo bidegabekeria onargarria egiten duen mekanismo psikologiko eta sozial horrek badu bere eremu politikoa. Hauteskunde bolada hasita, norberaren esku dago bidelagunak hautatzea, jakinda zeintzuk diren jarrera horiek babestu eta bultzatzen dituztenak.
