Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Ezagutzaren argazkiak

Zenbait ikerketaren arabera, azken urteotan irakaskuntzaren ezaugarri izan den trebakuntzarekiko obsesioak porrot egin du. Izan ere, kritikarako gaitasuna garatu ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik ezagutzaren aldeko apustua egitea eta ezagutza klik batean eskuragarri izatea ezin da aitzakia izan jakintza eta memoria ez lantzeko.

Nerabeen artean egin berri diren azterlanek agerian utzi dute gure komunitateen historia hurbilari buruzko ezagutza falta. Adituen arabera, horixe da negazionismoaren eta ideologia faxisten gorakadaren arrazoi nagusietako bat. Ez lirateke, beraz, kasualitatea guda edo gatazka testuinguruak gogoratzeko eraikitako memoriagune sufrimenduz josietan influencer delakoek jarrera friboloan egindako argazki edo bideoak.

Inkesten argazkiaren antzeko emaitzak utzi dituzte Alemaniako hauteskundeek. Eragindako ikara eta etsipena kontserbadoreen eta sozialdemokraziaren arteko itun batek gutxitu dezake soilik, eta aukera horren aurrean egindako lasaitasun hasperenak berak amorratzen nau.

Ezagutzak eta hezkuntzak dira egoera itzulezinak diruditenei aurre egiteko gakoak. Horretarako, besteak beste, memoriaz eta historiaz josi behar ditugu eraikinak, dela Iruñeko Erorien monumentua, dela Gasteizko San Frantzisko eliza.

Buscar