Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Gitarra baten negarra

Gitarra baten soka apurtu da han nonbait. Melodia bukatzearekin batera esnatu da haurra, eta bere negarrak bat egin du lurrera eroritako arima urratu baten zati hautsien soinuarekin. Handik urrun, ordea, bada kantuari eutsi diona, besoetan duen haur txikia kulunkatzen dabil eta negarrez hasiko den itxaropena du. Negarra izango delako hipotermiak eta desnutrizioak jota dagoen haurrak bizitzeari eutsiko dion seinalerik onena.

Bi hilabeteko haur bat salbatu zuen "Aita Mari"-k iragan astean, Mediterraneoan noraezean ziren beste 55 lagunekin batera. Afrikako zenbait herrialdetatik gurera iritsi nahi zuten, gosetik, gerratik eta heriotza mehatxuetatik ihesi. Europara heldu nahi zuten eta oraindik ere kontinente zaharraren balioak gogoan, bizitzak salbatzea dute helburu bakarra boluntarioek, ondo asko dakiten arren gauza bera egiteagatik Grezian gobernuz kanpoko erakunde bateko 24 lagun epaituko dituztela.

Victor Jararen gitarraren sokak hautsi dira. Pinochet zeruan eta Trump lurrean goraipatzen dituen Jose Antonio Kastek giza eskubideen kontrako neurriak abiatuko dituela iragarri du harro; horien artean, migrazio politika zorrotzak. AEBn pozarren agertu dira eta Europan zerumugari begira jarraitzen dugu, eta ez, hain justu, bizitzak salbatzeko asmoz.

Buscar