Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Haiengatik

Ekainaren 28a gertu denean, orain urtebete Argentinan jazotakoa ekarri nahi dut gogora, bereziki gure harrotasuna kalera ateratzea ezbaian jartzen dutenen mezu antzuari begira.

Maiatzaren 5eko gaua zen. Buenos Aireseko hegoaldeko auzo xume bateko pentsio batean gertatu zen, gela prekario txikiz jositakoan. Justo Fernando Barrientosek bere logela ondoko atea zabaldu eta bertan lo ziren lau emakumeei lehergailu bat bota zien. Sutetik ihesi irten nahi zutela, gizonezkoak emakumeak kolpatu eta sutara bidali zituen berriz. Erreta hil ziren Pamela, Mercedes Roxana eta Andrea. Sofia soilik atera zen bizirik, kalte larriekin.

Lesbianak eta pobreak ziren laurak. Elkarren artean osatutako zaintza komunitate txikiak laguntzen zien heteropatriarkatu normatiboaren erasoei aurre egiten. Denbora luzea zeraman auzokideak haien kontra irainak jaurtitzen, baina gau hartan bere gorrotoak gora egin zuen; besteak beste, Javier Milei LGTBIQ+ kolektiboarekiko zabaltzen ari zen diskurtsoak babestuta.

Gorroto diskurtsoei aurre egiteko modu bakarra dago. Egun latzak izaten ari dira politikan sinesmena dugunontzat, baina inoiz baino beharrezkoagoa da politikaren defentsa egitea, kontrakoak Milei edo Trumpen antzekoak gailentzea baitakar eta, haiekin batera, gorrotoaren instituzionalizazioa.

Buscar