Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Hogeita bat

Etsipena izanen da. Iragan astean hogeita bat urteko gazte bat agertu zen Gasteizko konpostatzeko plantan. Hotzetik ihesi, lo egiteko edukiontzi batean sartu zen. Paperik ez zuela diote, horrek arimarik ere ez izatea suposatuko balu bezala.

Gaur hogeita bat egun ditu egutegiak eta urte berri on esateari utzi behar zaiola otu zait; are gehiago, orain artekoa ikusita, urte berria baino iazkoaren bigarren atalaren aurrean gaudela ematen duenean. Ezkorregi nabil eta, akaso, jarrera kontua da bi mila eta hogeita bataren hasierak eragin didana.

Tristura izanen da. Amak deitu dit, Gasteizko etxera gutun bat iritsi zaidala esanez. Joaterik izango ote dudan galdetu dit, gehienbat posta jaso dezadan, elkar ikusteari garrantzia kentzeko plantan. Hogeita batgarren atarian bizi den ama dut zain, gutunaren moduan.

Sikiera, bada neure egin nahi dudan hogeita bat egunen osteko poza. Honezkero bigarren txertoa jaso duten erresidentzietako lagunena. Hainbeste sufritu dutenen une bateko nolabaiteko bakea neure egin nahi dut. Amorrua izanen da. Haurrekin arduratzen den gobernuz kanpoko erakunde baten informea irakurri dut. Urtean hogeita bat milioi ume dira guk desagertutzat ematen ditugun gaixotasunen txertoa jasotzerik ez dutenak.

Etsipena izanen da. Iragan astean hogeita bat urteko gazte bat agertu zen Gasteizko konpostatzeko plantan. Hotzetik ihesi, lo egiteko edukiontzi batean sartu zen. Paperik ez zuela diote, horrek arimarik ere ez izatea suposatuko balu bezala. Hogeita bat urteko gaztea. Bi mila eta hogeita bat urteari itxaropenez so egiteko aukera ere galdu duena.

Buscar