Ilargiak betea izateko apur bat besterik falta ez zuela, sua piztu zen Planetarioaren kupulan, oraindik esnatzen ari zen Iruñean. Azkar hasi zen ke zutabea gora egiten, urte luzeetan eraikin enblematikotik horrenbeste begik so egin duten zerurantz. Zientziaren eta jakinduriaren gotorleku den Planetarioak kalte handiak pairatu ditu eta, ikerketaz harago, galdutakoa ahal den neurrian berreskuratzeko erronka du nafar Gobernuak.
Jakinduriaren gotorleku ere beharko lukete eskolek. Horiek kudeatzeko erantzukizuna duen gobernu berari eskaerak egiten dabiltza hezkuntza arloko ordezkariak azken hilabeteotan. Negoziazioak, ordea, etenda daude, eta gehiengo sindikalak deituta hirugarren greba eguna izanen da urtarrilaren 30ean. Bada, baina, greba deialdia babestuko ez duen memoria eskaseko sindikaturik. Lan eremuan historia gertuenak argi utzi baitu hobekuntzak eta publikoaren kalitatea ez datozela zerutik.
“Emakumeak borrokalariak gara, baita ingeniariak ere” erakusketa ikusi genuen planetarioan. Azken urteotan mugimendu feministak deitutako eta gehiengo sindikalak babestutako grebak oroitu ditut. Horietan ere bazen kanpo geratu ziren ordezkari sindikal zenbait. Jakinduria ez da nahikoa zenbait gauza ulertzeko, eta ezin jakin zein unibertsotan dauden lerrokatuta ez dauden planetak.