0 comentarios

Boliviako mugimendu sozialak, bertatik bertara

Gobernua eta ministerioak barrutik ezagutzeaz gain, mugimendu sozialen lana ere ezagutzeko aukera izaten ari gara La Pazen. Mugimenduak dira prozesu honen sostengu eta ezinbestekoa zen hauek ere ezagutzea.

Jorge Barronekin bildu gara lehenengo. Bera Videoteca Barbarrojako zuzendaria da eta zine latinoamerikarra zabaltzea dute helburu, betiere ikuspuntu sozial batetik. Jorgek erreferendumean artisten manifestua kudeatu zuen. Egun hauetan Fidel Castroren 90. urtebetetzea ospatzeko egiten ari diren ekintzak antolatzen egon da: zine emanaldiak, kontzertuak, erakusketa… eta bertan izan gara dokumental baten proiekzioan.

Bestetik, hezkuntzaren garrantziaz aritu gara Benecio Quisperekin, bera unibertsitate indigenen bultzatzaileetako bat izan da. Hezkuntzan oraindik konkistak utzitako arrastoak sumatzen dira eta hezkuntzaren deskolonizaziorako beharra azpimarratu digu Quispek. Hezkuntzak deskolonizatzailea, produktiboa eta komunitarioa izan behar du. Momentu honetan hiru unibertsitate indigena daude helburu honekin, baina Quisperen hitzetan oraindik lan handia dago egiteko.

Confederación Sindical Única de Trabajadores Campesinos de Bolivia (CSUTCB) batasun paktuan parte hartu zuten 5 mugimenduetako bat da. Sindikatu honetako Rodolfo Machakak momentu honetan dituzten erronkak adierazi dizkigu. Eredu ekonomiko komunitario baten alde dabiltza lanean, lurrak kudeatzearen subiranotasuna izan nahi dute, beraiek izan daitezen herrialde honetako ekonomiaren oinarrietako bat. Bestalde, jende asko landatik hirira joaten ari dela aipatu digu, eta horri buelta emateko ere lan egin behar dutela azpimarratu du.

Emakumeak ere sektore garrantzitsua izan dira aldaketa prozesu honetan eta horrela adierazi digu Julieta Paredes feminista komunitarioak. Urte luzez ibili da bera borroka feministan, baina 2000. urtean hausnarketa prozesu batean sartu ziren. Konziente ziren Bolibia mailan ezagunak zirela, baina ez zutela herriarengan intzidentziarik. Horregatik kontzeptuak birdefinitzeko beharra ikusi zuten eta feminismo komunitario kontzeptua sortu zuten. Beraientzako feminismoa edozein emakumek bere eskubideen alde egiten duen borroka da. Komunitatean egin behar da borroka eta denon erantzukizuna da patriarkatuarekin amaitzea

Santa Cruzen eta Cochabamban bezala, Columna Sur gazte antolakundearekin biltzeko aukera izan dugu oraingo honetan ere. Beraien bileran izan gara eta aurrekoan aipatu genuen bezala egingo duten kongresua antolatzen dabiltza buru-belarri. Azkenean urrira arte atzeratu dute kongresua eta bertan erakundearen barne antolakuntza eta talde motorra aukeratuko dituzte. Oraingo honetan ere Euskal Herriaz hitz egiteko aukera izan dugu. Torturaz, estatu espainiarren errepresio mekanismoez… ere aritu gara solasean.

Gure lana komunikabideetan azaltzeko tarte ere izan dugu. Abya Yala telebistan eta Bartolina Sisa irratian aritu gara Euskal Herriaren egoeraz, internazionalismoaz, aldaketa prozesuaz… hitz egiten.

Gelditu gabe pasa dugu astea, baina prozesua ulertzen jarraitzeko oso baliagarria izan zaigu.

/