0 comentarios

‘Morralla’ kontuak, H28ren laugarren alean

> Hilaren 28ro h28.eus-en.

Zaldieroa, Axpi, Exprai, Asisko, Dani Fano, Josevisky, Laure Gomez, Marko... Orotara, 25 marrazkilariren lan bilduko ditu laugarren zenbakiak, eta 40 orri izango ditu. Hauteskundeak, euskarari buruz entzundakoak eta Mario Fernandezen ateraldiak dira tiragileen satirak jomugatzat hartutako gaietariko batzuk.

Iragarpen oharra:

Prentsa arrosa nola, H28.eus aldizkariak hala. Kike Amonarriz izango da apirileko azala. Toplessik ez, ordea, bihar kaleratuko den zenbakian, erabat jantzita irudikatu baitu Josevisky marrazkilariak. Oraingoan ere arrosari baino gehiago eztenari erreparatzeko erabili dute aldizkariko kideek Amonarrizen irudia, orain aste batzuk Javier De Andres Arabako PPko diputatuaren hitzak gogora ekartzeko hain zuzen ere. Euskaraz aritzen diren hedabideak “morralla” izendatu zituen politikariak, eta horregatik ageri da Amonarriz aldizkariko azalean inork bizkarrean itsatsi dion “Morralla” dioen afixa kendu nahiean. Eta balio du azalak aldizkariaren barruan aurkitu daitekeena deskribatzeko. Egongo da satira irudietan, egongo da sarean aldizkaria, eta beraz, apirilean ere saretirikoa izango baita H28 aldizkaria. Bihar bertan egongo da Interneten.

25 marrazkilari bildu dituzte aldizkariko orrietara oraingoan, eta eutsi egin diote orain arteko orri kopuruari ere, 40 izango baititu orotara. Parte hartzaileen artean bada izen ezagunik, gainera: Asisko, Marko, Axpi, Zaldieroa, @AranaGoiri, Unai Iturriaga, Iren, Exprai... Parte hartze zabal horrek erakusten du proposamena (ulergaitza egiten bazaigu ere) badoala egonkortzen. Eta jadanik agerkari saretirikoan ohiko bihurtzen ari diren sailek erakusten dute hori: Auskaltegian, Kontrola, Gela iluneko elkarrizketak, gaizki idatzitako grafitiak erakusten dituen Akastak saila, Piko ta Payo pertsonaien arteko elkarrziketak, Txirlak, Eba & Adan... Baina ohiko bihurtzen doazen sailez gainera badaude marrazkilari eta tira berriak ere.

Esana dugu, kolpeak eskuin, eta kolpeak ezker. Baina zorrozten goaz gure punteria, eta gure leloa berritu egin behar izan dugu kasik. Kolpeak badaude eskuinera, eta kolpeak badaude beste eskuinera ere. Izan ere, hauteskundeak dira zenbaki honetan lantzen den gai nagusietariko bat eta guxi dira zartakoaz libraten direnak. Baina ez da lantzen den gai bakarra; tira bat baino gehiagotan ageri dira, adibidez, Mario Fernandezek eta Idoia Mendiak egindako adierazpenen inguruko erreferentziak. Bada Osasuna taldeari buruzko satirarik, edertasun ereduari buruzko kritikarik, eta baita omenaldi pare bat ere. Cesar Oroz marrazkilari ezagunari egindakoa bata, eta Non dago Wally? liburu serie sonatuaren egileari egindakoa bestea. Eztendun omenaldiak, baina omenaldiak halere. Azalagatik esan dugu lehen: aldizkari arrosetan nola, H28 aldizkarian hala. Baina ez da hor amaitzen parekotasun bakarra. Izan ere, bi esklusiba mamitsu ere lortu ditu H28 aldizkariak bere laugarren zenbakian. Bihar egongo dira denak bistara, www.h28.eus orrialdean.

Hemen aldizkarian txertatuko ditugun irudietariko batzuk. ELKARRIZKETA, ESKAERAK, ESKAINTZAK ETA IRAINAK: h28aldizkaria@gmail.com helbidera.

/