Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Nor bezala zahartu

Niri luzatu zidaten galdera berbera luzatu nion: «Nola irudikatzen duzu zure zahartzaro ideala?, eta nola erreala?». Erantzun bat ematea saihesteko bide zuzena hartu zuen, fokua galderan bertan ipiniz. Estrategia zahar eta errekurritua, jada ez nauzu engainatzen. «Ideala eta erreala? Zer, 30 urte ere ez ditinagu eta dagoeneko hala moduzko zahartzaroa izango dugula sinetsi nahian?». Sugegorri horrek ederki jakin galderaren nondik norakoa eta burlaize gutxixeagoz baina sakontzeko gogorik gabe konplitu zuen. «Begira, nire zahartzaro ideala luken nik nahi bezala zahartzea, baina ziurrenik besteak bezala zahartuko naun; nik nahi edo ez». Jasotakoarekin nahikoa ez eta lagun gehiagorengana jo nuen. Minutu luzeak karaktere mugatuetara ekarrita, gutxi gorabehera, koherente zahartu nahi dugula atera dut eta pilates edo yoga egingo dugun garaiaren araberakoa izango dela, bide bat eginez helduko garelako zahartzarora. Gaztetan bikotegintzari eta diru pilaketari begira bagabiltza, zaila dela zahartzaro kolektibo altruista imajinatzea, alegia. Hori, eta ur korronteak harria bere formara egiten duen bezala, denborak konbentziozko egiten gaituela, hori ere esan didate.

Joera eta higadura guztiak kalterako ez, antza, eta gure belaunaldiaren zortea azpimarratu didanik ere izan da. Zeren, gure erreferente asko dira gu baino helduagoak eta, uste izatekoa denez eurak lehenago zahartuko direla, izan izango dugu oinarri bat. Ziur ez garela gaur amestu bezala zahartuko, gure aurrekoek ez dutela idealtzat zuten zahartzea bizi eta ezta aurrekoek bizi izan ere, baina horretara hurbiltzeko ekinean zabaldu dira kasuistika posibleak.

Apirilaren 27an, larunbatean, "Zahartzaro bolleroak: nola heldu heterosexualitatetik kanpo?" tailerra izango da Leitzan, Bollotopaketetan eta, beharbada, nire sasi-inkestak baino eraginkorragoa izango da bertara hurbiltzea. Agian balioko du zahartzaroa etorkizun dagoen zerbaiten gisa ikusten duen mukizu helduaren rola askatzeko, dagoeneko ilea urdintzen hasita daukagu eta.

Buscar