Omen, hormako erloju analogiko gehienak hamarrak laurden gutxiagotan geratzen direla, hori dela orratzek erresistentzia gehien duten posizioa, mugitzeko indar gehien behar den unea, momentu maximoa. Sukaldez sukalde, udaletxez udaletxe begira aritzeko gogoa ematen du, nahiz eta jakin Oronozko erlojua 12.10ean geratu zela. Teoria artaburuak jorratzera bidaltzeko moduko momentua. Praktikak hori egiten du sarritan, teoria airean jarri edo, gutxienez, praktikatik teoriak aterarazi.
EHNE Bizkaiak antolakuntza agroekologikoaren gaineko azterketa berria publikatu zuen irailean: eredu eta antolakuntza esperientzia agroekologikoen azterketa ikuspegi feminista eta intersekzional batetik. Abiapuntu oso interesgarria du, izan ere, helburu du eredu industriala ez den beste eredu baten aldeko apustua egiten duten ekimen horiek ikastea eta aztertzea. Galdera bati erantzun nahian abiatzen da liburua: Zer ekarpen egiten diete eredu berri horiek nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean instalatu nahi diren pertsonei?
Ez da erlojuaren metaforara errekurritzeagatik, baina elikadura katea ere zirkularra da, beste hainbat esparrurekin erlazionatuta eta elkar-eraginpean dago. Beraz, ardatz feminista eta intersekzionala duen lana da, ezinbestekoa baita ulertzea «pribilegio eta zapalkuntza ugari zeharkatzen diren dominazio sistema global batean bizi garela» eta horiek ulertu beharra dago proposamenak iraultzaileak izatekotan. Ño!
Beste arrazoi batzuk tarteko, irailean publikatu lana eskuetara iritsi zait berriz, eta orduan baino letra handixeagoz irakurri izana iruditu zait: proiektu agroekologikoetan dibertsitate batzuk ez dute apenas presentziarik, hala nola ulerkera bitarretik kanpoko genero aniztasunak, arraza eta jatorri aniztasunak, dibertsitate funtzionalak edo euskara eta gaztelera ez diren hizkuntzek. Oronozko erlojua ezohiko orduan geratu zen. Gelditu ez ezik, martxan ere jarria omen da berriz eta, agian, bada motiboa, indarrak noiz ahitzen direnaz gain, nola errekuperatzen ditugun so egiteko.
