Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Eskasak handi

Datorren astean da Bertso Eguna. Aurtengoa, hilaren 25ean, Lesakan. Bertso munduan kokapen eta inplikazio desberdinak ditugunon topagunea da egun hau, azaldu beharreko familia otordu bat ia. Hernaniar askok ez du jakingo eta, gainera, bost axolako zaio, zeren, urtarrilean herrian izaten den bertso zita garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Tabernetako txapelketa da, urtarrilaren 19an. Sasibertsolarientzat, eta, ondorioz, euren zaletuentzat hutsik egin ezin den gertakaria da. Ez du loturarik, baina sasi ardiari horrela deitzen omen zaio sasia jateko duen gaitasunagatik edo ohituragatik. Beharbada, sasi bertsozale horiei arrazoi beragatik, bertso «gogorrak» jasotzeko duten ahalmenarengatik dei dakieke horrela. Garin ez da bertso konbentzional onak botatzeko lekua; onenera, ideia on bat botako da bertso txar batean, eta, aizue, horrek ere badu berea!

Distantziak gordez eta parekatu nahirik gabe, hartzen diot libertimentuaren aire bat. Han non jendaurreratzen den, batez ere, herritarren aurrean herriko jendea urtean behin bertso kantari aritzeko. Eta nolako gaiei erantzuteko, gainera. Kode partikular samarra bereganatzen du eta, kontesturik gabe, alfer-alferrik hurbilduko zara bertara, erdia galduko duzu.

Badu beste kontu bat: nik ezagutzen diodan historian lau emakumek kantatu dugu (agian, bateren batek alde egiten dit), eta jakin ezazu zenbat gizonezkok. Ehun batek edo? Zaila zait ekitaldiaren gaineko ebaluazio zintzo bat egitea, dinamikak deskonfiguratzea, bertan kantatu nahi duten disidenteak ausart gisa ez hartzea. Oinarrian, asmo ona besterik ez dago, ikus dezaket gehiengoa dela beste inor kantura animatzean pozten dena, nahi duena, aldiz, hormak zabaldu ezin direlako, oholtza txikia delako, hodeiei nahi dugun lekurantz putz egin ezin diegulako edo dagoena dagoelako, hemen gaude, espazio, jarrera, dinamika eta non egon batzuk naturalizatuta ditugula.

Korapilatsua da eta badu meritua, gaur, Hernaniko Garin tabernan Joxepa kioskotik minutu eskasera gertaraziko denak.

Buscar